Gentzane Aldai orozkoarra hedabideen aurrean jarri zen astelehenean jakinarazteko Laboral Kutxa Emakume Master Cup pilota txapelketan izena emateko epea irekirik dagoela hemen urtarrilaren 19ra arte.
Berarentzat lehen urtea izango da lehiaketan eta Promozio-mailan arituko da bikoteka. Emakume Master Cup-eko banakako txapelketan aritu zen iaz eta 12 urte egon da pilotan jokatu gabe, talderik ez baitzegoen Orozkon parte hartzeko. Bere bikotea, aldiz, hasiberria da. Izaskun Martin du izena eta Basaurikoa da.
Ekitaldia Laboral Kutxako egoitza berrian egin zuten Bilbon eta iazko Elite Mailako txapeldunak egon ziren ere: Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz.
Urtarrilean hasiko dira pilotakadak
Txapelketa hilabete amaieran abiatuko dute. Lehenengo kanporaketak Gasteizen jokatuko dira Mendizorrotza Kirol Esparruan.
Hurrengoak, aldiz, Bizkaian: Larrabetzun, Markinan eta Santurtzin. Ondoren, finalerdiak Oñatin izango dira, eta finalak, Eibarko Astelenean. ETBk zuzenean eskainiko ditu biak.