"Errefuxiatuek bidaia luze eta gogorra izan dute, baina irribarrea eta 'eskerrik asko' hitzak ez zaizkie inoiz falta"

Aitor Aspuru Saez 2018ko urt. 16a, 18:01

Aida Fuentes Grezian kide boluntarioekin.

AIDA FUENTES IZA (Orozko, 1983) Grezian dago duela egun batzuk eta bertan egongo da urtarrilaren 24ra arte. Aurtengo oporrak baliatuko ditu Gobernuz Kanpoko Erakunde batean lan egiteko. Bere jarduera profesionalean bezala Iza Okindegian, bertan ogia egiten du, errefuxiatuentzat, hain zuzen.

Kontatuko diguzu nola sortu zen ideia, baita noiz heldu zineten eta noiz itzuliko zareten?

Betidanik nahi izan dut boluntario lana egitea. Orain dela 3 hilabete, Facebooken ikertzen nengoela, "Acción Directa Sierra Norte" elkartearen bideo bat ikusi nuen bat-batean.

Izugarri gogoko izan nuen, eta nire bikoteari aipatu nion. Asko pentsatu barik, mezu bat idatzi nien gure laguntza eskaintzeko eta geneuzkan gogoak adierazita. Beraz, urtarrilaren 9an, Greziara abiatu ginen. Hemen, 24ra arte egongo gara. Bi aste, gure oporrak!

Norekin lan egiten duzue eta non zehazki?

Polikastron gaude, Greziako iparraldean. Iazko otsailean, Juliok, elkartearen presidenteak, okindegi txiki bat ireki zuen, kanpamentuan eta kalean bizi diren errefuxiatuentzako ogia egiteko. Hemen dagoen kanpalekuak Nea Kabala du izena.

Zer egiten duzue zehazki eta zenbat orduz?

Egunero, 1.000 ogi inguru egiten ditugu. Okindegian hiru errefuxiatu daude lanean eta ogi arabiarra egiten dugu; hau da, crepe moduko ogia.

Madrilgo mutil batekin eta Kataluniako beste neska batekin gaude hemen. Pisu batean egiten dugu lo laurok.

8:30ean hasten gara lanean eta 17:00etan amaitzen dugu. Ogia egiten dugu eta gero kanpamentura joaten gara, ogi hori banatzera.

Pasa den astean ogi tailerra eman nien, ogi osasuntsuaren garrantziaz mintzatu ginen. Aste honetan madalenak egingo ditugu!

Nolakoa izaten ari da esperientzia?

Hemen aurkitu ditugun pertsonek, familiek, umeek... oso bidaia luze eta gogorra izan dute hona heltzeko, baina, irribarrea eta "eskerrik asko" hitzak ez zaizkie inoiz falta.

Gaur, adibidez, Aitor (nire bikotea) eta biok joan gara kanpamentura banaketa egitera, ume guztiak etorri dira jolastera, "ogia, ogia!" oihuka... oso momentu polita eta hunkigarria izan da. Ziur ez dugula inoiz ahaztuko!

Esperientzia pertsonala ez ezik, profesionala ere izango da. Beste kultura bateko ogia egiten ikasi dugu, haien eskuz, gainera. Beharbada, sartuko ditugu mota horretako jakiak noizbehinka okindegian, Orozkora eta Laudiora hemengo zati bat ere eramateko!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide