Ilazki Mimenza: Neguan ikusteko 10 telesaio

Erredakzioa 2018ko ots. 6a, 17:39

10 telesail aukeratu ditu Ilazki Mimenzak neguan ikusteko.

ILAZKI MIMENZAk (Orozko) telesaioen eta filmen analisi lanak bete ditu zenbait produktoretan. Habanako zinema eskolan ere ikasi du. Aditu eta zalearen ikuspegitik 10 telesaioko zerrenda osatu du sofan ikusteko, negua profitatuta.

Lehenengo lau telesaio hauetan emakume konplexuak dira protagonistak:

Happy Valley: Oso telesaio ona da hau. Protagonista Yorkshireko polizia da. Drama poliziala eta etxeko drama uztartzen ditu eta istorioaren bi lerroek topo egingo dute. Berez, lan honek oso gidoi ona dauka eta dramatik komediara igarotzen da oso modu naturalean. Atal pilotuan agertzen dira aldagai guztiak eta Catherinen, protagonistaren, desegituraketa da gakoa. BBCk ekoiztu du eta oso sinisgarria da, gizakiaren arimara jotzen baitu.

Miss Fisher´s Murders Mysteries: Telesaio hau australiarra da eta Melbournen dago girotuta. 20ko hamarkadaren bukaeran eta 30eko hamarkadaren hasieran dago girotua, I. eta II. Mundu Gerren artean, hain zuzen. Gizakiaren alde iluna jorratzen du Commonwealtheko herri batean. Saioaren egiturari dagokionez, atal bakoitzaren istorio nagusia bukatzen da, baina azpiko beste bat dago, garrantzitsuena eragozten ez duena. Erritmoa oso konstantea da. Saioaren oinarria pulp literatura da eta estereotipo eta aurreiritzi ugari apurtzen ditu; protagonista emakume azkarra, trebatua eta feminista baita. Bere itxura "Pulp Fiction"-eko Mia-ren antzekoa da eta "flapper" baten ogibidea eta bizimodua islatzen ditu. Nabaritzen da atal bakoitzak milioi dolar bat balio izan duela, jantziak eta girotzea oso ondo baitaude, eta eskertzekoa da.

 

The Bletchley Circle: II. Mundu Gerran girotua dago. Ingalaterrako azpiegitura militarra da The Bletchley. Bertan saiatzen ziren ingelesak komunikazio kode naziak argitzen. Lan horietan buru-belarri sartuta dauden 5 emakume dira telesaioaren protagonistak. Taldea osatzen duten emakumezkoak oso adimentsuak dira matematiketan edo giza jokaera aurreikusten. Gaitasun horiei esker, ekarpen handiak egiten dituzte. Baina, behin gerra bukatuta, eta sekretu militarra dela argudiatuta, emakume horiek anonimotasunera itzuli behar dira. Baina, nola bueltatu etxera euren gaitasunen balioa erakutsi ostean?

Telesaioaren protagonista aurkezten duen sekuentzia, niretzat, bikaina da. Izan ere, Susan ikus dezakegu irratia entzuten emakumeak hiltzen dituen gizon baten berri ematen duen bitartean. Hori jaso eta gero, bere logelara jotzen du eta ispiluaren atzetik ateratzen du sortu duen eskema hiltzailearen hurrengo erailketa aurreikusteko. Erantzunak izan arren, inork ez dio jaramonik egiten eta arazoa konpontzeko taldea berriro elkartzen saiatuko da.

The honourable woman: Shadowline telesaioaren zuzendariaren lan berria thriller geopolitikoa da, Israel eta Palestinaren arteko gatazkan girotutakoa, hain zuzen. Modu gordinean azaltzen du bi komunitateen arteko talka, baina ez da sakontasunean sartzen eta, are gehiago, ez da kokatzen. Niretzat hau Homeland-en tankerako lana da, baina helduentzat, eta matrioshka baten eredua jarraitzen du; sekretu baten barruan beste bat dago. Pertsonaia protagonista emakume bat da (Maggie Gyllenhaal aktorea, hain zuzen): Nessa Stein. Familia judutar eta dirudun bateko kidea da eta baliabide ekonomiko horiek profitatuta, bake prozesuak sustatzen saiatzen da, Cisjordanian, besteak beste. Horrek espioien hainbat plan ekonomiko eta politikoen artean kokatzen du.

Ondorioz, MI5, CIA, eta Mossad zerbitzuek erabili nahi dute euren mesederako, baita espioi palestinarrek ere. Istorioa borobiltzeko, zenbait gertakari hartu behar dira aintzat. Alde batetik, bahiketa gertatuko da. Bestalde, Nessaren nebaren iraganak pisu handia izango du eta flashbacken bitartez azaleratuko da. Berez, Nessa emakume hotz eta boteretsuaren itxura adierazten duen arren, gauero paniko-gela itxi batean lo egiten du. Gidoia da telesaioaren indargunea, istorio guztien adarrak bukaeran elkartuko baitira ezustean eta, zorionez, eta Homeland ez bezala, atalak ez dira behar baino gehiago luzatuko.

Lilyhammer: Netflixek sortutako lehen telesaio originala izan zen hau. Norvegian girotuta dago eta bere protagonista Steven Van Zandt da. Antzezle hori oso ezaguna egin zen Los Sopranosen egindako lanagatik. Berez, artistak diskoetxea dauka eta Norvegiara jo zuen horregatik. Hango musikariekin hitz egiten bururatu zitzaion ideia. Van Zandteri gidoilari bikotea hurbildu zitzaion telesaioaren ideia aurkezteko, berari asko gustatu zitzaion eta Netflixera jo zuen finantziazio bila.

Pertsonaia protagonista New Yorkeko mafiako kide bat da. Bere buruzagia salatu ostean, lekukoen babeserako programan bukatzen du eta Norvegiara joatea erabakiko du. Neguko Joko Olinpikoetan ikusitako hiri batera: Lilyhammerera, hain zuzen. Bere ustez, leku hori paradisua da, baina hara heltzen denean konturatzen da sekulako hotza egiten duela eta alde handia dagoela berak izandako bizitzaren eta bertako herritarren bizimoduaren artean.

Gauzak horrela, laster gaizkiaren bidera itzuliko da, baina nolabaiteko oreka bilatzen. Hau da, negozio ilunak egiten dituen bitartean, saiatuko da gizarteko kiderik ahulenak babesten. Horrela, hainbat lagun eta etsai egingo ditu. 3 denboraldik osatzen duten telesaioa da eta komedia, drama eta mafiaren parodia uztartzen ditu. Berez, Los Sopranoko hainbat antzezle ez ezik, Bruce Springsteen ere agertzen da. Niretzat 10 puntuko lana da.

My mad fat diary: Hau ere liburu batean oinarritutako telesaioa da eta 90eko hamarkadan girotuta dago. Bere protagonista 100 kilo baino gehiago pisatzen duen 16 urteko nerabea da eta, gainera, buru-osasun arazoak eta familia desegituratua dauzka. Telesaioa hasten da gaztea psikiatrikotik ateratzen denean 3 hilabetez bertan egon ostean. Bere senideek ezkutatu nahi dute eta jendeari azalduko diote Frantzian egon dela. Berak ere ez du nahi inork jakitea non egon den, hori guztia aspaldiko lagunetara eta berrietara moldatzen den bitartean.

Abiapuntua drama hutsa da, baina zintzotasun handiz kontatzen dutenez, komikoa ere bada. Gidoia oso sendoa da eta baikorra, modu batean. Gainera, antzezle protagonistak oso ondo egiten du eta berarekin identifikatzea erraza da, nerabezaroko gai arruntak agertzen baitira.

Bestalde, 90eko hamarkadako musika maiz entzuten da (Oasis, Blur, Lemmonhead...) eta berritasun nabarmena egin zuten telesailaren sortzaileek; elementu grafikoak erabili baitzituzten protagonistaren pentsamenduak adierazteko.

The expanse: Zientzia fikziozko telesaioa da hau, space opera, alegia. Jatorrizko ideia izan zuten egileek "Game Of Thrones"-en lan egin dute eta, batzuen aburuz, hori nabaritzen da, nahiz eta nik ez dudan sumatu. Edonola ere, hau ez da "Star Trek" edo "Star Wars". Berez, telesaioak XXIII. mendera eramaten gaitu. Garai horretan gizakiak eguzki sistema kolonizatu du; Marte zein inguruak, baina gerra hotza dago Marte eta Lurraren artean. Izan ere, planeta gorriak botere militar handia lortu du.

Testuinguru horretan, istorioa 3 lekutan banatzen da; Lurra, espazioko gerrikoa eta Canterbury espazio-ontzia. Lurran Nazio Batuetan dagoen emakume indiar bat da pertsonaia nagusia. Emakumezko bitxia da, gogorra izateaz gain, sentibera ere bada eta. Thriller politikoa kontatzen dute kokapen horretan, Lurra eta Marteren arteko gerra hotzari buruz. Espazioko gerrikoan, ordea, langileria dago eta tentsio soziala agerikoa da. Gainera, izar urrunetan bizitzea posible bada ere, horrek ez du esan nahi erosoa denik. Adibidez, grabitate 0an ematen du jendeak egun osoa eta, hori dela medio, min eta gaixotasun ugari sortzen dira. Lurran jaio diren askok ez dute lortzen kosmosean bizirautea. Bidaiak ere zailak dira eta horri esker dena da sinesgarriagoa. Espazioko gerrikoan ikertzaile bat da protagonista nagusia eta dirudun baten alaba bilatu behar du. Istorioak "noir" kutsua dauka.

Istorioaren beste adarra Canterbury espazio-ontziaren gidariak eta bere tripulazioak osatzen dute. Saioaren hasieran aurkikuntza egingo dute eta horrek gertakari guztiak lotuko ditu. Hortaz, "The expanse" saioak zientzia-fikzioa, genero beltza eta thriller politikoa lan bakarrean uztartzen ditu.

Jarraian jasoko ditudan 3 telebista saioak Espainiako telebista publikoak ekoiztu ditu. Izan ere, aurrekoak telebista pribatuenak direnez, agian zailagoak dira ikusteko, baina TVEkoak bere web atarian topatu daitezke.

Victor Ros: Izen bereko detektibe baten abenturetan dago oinarrituta. Bitxikeria moduan, nabarmentzekoa da atal bakoitzak 250 planotan efektu-digitalak dituela, hau da, TVEk inoiz egindakoa. Madrilen 1895ean gertatzen da telebista saioak kontatzen duena. Protagonistak diru zorroak lapurtzen ditu lagunekin -"chirlero" taldea osatzen dute- eta, azkenean polizia batek harrapatuko du. Victor Ros gazte abila eta azkarra denez, eskaintza bat egingo dio; lapurtzeari utziz gero, eta polizia izateko ikasten badu, atxiloketa bertan behera geratuko da. Victor Rosek onartuko du akordioa eta, denboraren poderioz, ikertzailea izango da eta prostituta-hiltzailea atxilotzeko ikerketei ekingo die. Lan horretarako klase sozial oso ezberdinetako jendearekin jarriko da harremanetan (prostitutak zein burgesiako kideak). Horrez gain, Espainiaren atzerapenari ere egingo dio aurre eta zientzialariak eta medikuak inplikatuko ditu bere lanean, oztopoak oztopo.

El caso. Crónica de sucesos: Telebista saioak abiapuntu originala dauka: "El caso" astekariaren gertakariak edo balizko gertakariak hartzen ditu. 60ko hamarkadan girotuta, frankismoa igartzen da nonahi eta, nola ez, zentsuraren presentzia etengabekoa da. Gizartea erabat kontrolatuta dago informazioaren aldetik eta albiste oro igaro behar dira zentsuratzaileen eskuetatik. Gauzak horrela, "El caso" aldizkariko kazetariak saiatzen dira muga horiek apurtzen, krimen nahiko ilunekin bada ere. Ereduaren aldetik, nahiko arrunta da; atal bakoitzak zenbait krimen argitzen ditu eta telesaio osoan azpiko istorioa dago: "Rosarioaren hiltzailea". Protagonista Fernando Guillén Cuervo da. Bere pertsonaia polizia zen, baina kazetaritzan lan egiten du horren ostean. "El caso. Crónica de sucesos" lanaren alderik onena da garaia oso modu egokian islatzen duela eta pertsonaiak benetako kazetarietan daudela oinarriturik. Esaterako, Margarita Moyano da Margarita Landis. Horrez gai, hainbat pertsonaia agertuko dira; komisario frankistak, Opus Deiko emakume bat... eta denak oso sinesgarriak dira. Nola ez, TVEk denboraldi bakarra ekoiztu zuen, zerbait ona egiten duen bakoitzean ez baitu berritzen.

El Ministerio del Tiempo: Berriro ere, TVE saiatu da telebista saioa bukatzen, baina Netflixek ere ekoizpen lanak egin ditu denboraldi berria izan dezan. Abiapuntua aski ezaguna da: Espainiak badauka ministerio sekretua, denborarena, alegia. Horri esker, hainbat ate ditu eta bakoitzak garai historiko batera eramaten du. Ministerioaren helburu nagusia da inork ez erabiltzea ateak historia aldatzeko eta horretarako hainbat funtzionario dago, garai ezberdinetakoak, gainera. Oso saio dibertigarria da, baina, horrez gain, interesgarria da nabarmentzea bere sortzaileen historia. Izan ere Olivares anaiei ideia bururatu bazitzaien ere, Pablo Olivares izan zen gidoilaria. Telebista saioa estreinatu baino lehen, ELA gaixotasunaren ondorioz hil zen eta pertsonaietan agerikoa da bere azkenengo bizipenak. Horrela, askotan islatzen da bere iritzia Espainiako zenbait pasarte historikotan, zeintzuetan jendea manipulatua izan den. Bitxikeria ugari ditu saioak; Gernika Madrilera nola heldu zen asmatzen du, Hitler eta Francoren hitzordua agertzen da Hendaian...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide