“Haurtzarotik marjinatzen dituzte adingabeen zentroetan dauden nerabeak”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ots. 14a, 11:41
Egun Orozkon egiten du lan Sefao Ammarik. / Nora Latatu Landaluze

SEFAO AMMARIk (Maroko, 1989) duela 10 urte gurutzatu zuen autobus baten azpian Maroko eta Espainia arteko muga, bizimodu hobe baten bila. Adingabeen zentro batean bizi izan zen 18 urte bete arte. Egun, Orozkoko fabrika batean egiten du lan.

Duela 10 urte etorri zinen Marokotik Euskal Herrira. Zergatik erabaki zenuen zure sorterritik joatea?

Bertan ez zegoelako etorkizunik, bizitza ez da ona han. Europara etortzea zen irtenbide bakarra. Nire anaiak urte batzuk zeramatzan Bilbon bizitzen, horregatik erabaki nuen Euskal Herrira etortzea.

Anaia izan zen pausoa ematera animatu zintuena?

Ez, nire anaiak beti nahi izan zuen nik ikasketak Marokon egitea, ez ninduen bultzatu hona etortzera. Berak bazuen esperientzia hemen, bazekien hemengo bizimodua ez zela Marokon kontatzen zena bezalakoa, gogorra zela zure guraso eta senideak atzean uztea eta beste kultura eta herrialde batean murgiltzea... baina, hala eta guztiz ere, Afrika iparraldera joatea erabaki nuen, muga zeharkatzeko asmoarekin.

Zaila egin zitzaizun muga zeharkatzea? Zer nolako saiakerak egin zenituen?

Denetarik ikusi dezakezu mugan zaudenean. Jendea hiltzen ikusi dezakezu, hona iristeko saiakeran. Pertsona batzuk erori egiten dira kamioien azpian ezkutatuta daudenean... Badaude baita ere pateretan sartzen saiatzen direnak, baina horietako asko ez dira euren helmugara iristen. Itsasotik etortzen saiatzen den pertsona askoren arrastoa galdu egiten da; senideek ez dakite bizirik dauden edo ez. Nire herri albotik patera bat abiatu zen Espainiara, eta gaur da eguna zeinetan ez dakigun zer gertatu zen bertan zioazenekin.

 

“Poliziek denetarik egiten zidaten... baina aurrera jarraitu nuen, helburu bakarra nuelako buruan: muga zeharkatzea”



Horregatik baztertu zenuen itsasoko aukera?
Bai, niri itsasoak beti eman dit beldurra, eta badaude hona etortzeko beste modu batzuk. Kamioien azpian sartzen saiatu nintzen.

Azkenean autobus baten azpian ezkutatuta etorri nintzen, hainbat saiakera egin ondoren. Poliziek askotan harrapatu ninduten. Jipoitu egiten zaituzte... Denetarik egiten dizute, baina aurrera egiten duzu, gauza bakarra duzulako buruan: muga zeharkatzea.

Zenbat saiakera egin zenituen?

Asko, ia egunero ahalegintzen nintzen. Badago dirua duen jendea, ordaindu egiten duena muga zeharkatzeko.

Mafiek laguntza eskaintzen dute horretarako?

Azkenaldian entzun dut badaudela mafia batzuk Espainia hegoaldetik Bilboraino iristen laguntzeko. Hori ez da nire kasua izan, eta ez dut hona modu horretan etorri den inor ezagutzen. Mafiak mugetan daude. Dirua baduzu ordaintzen duzu, eta listo.

Muga gurutzatuta Alcegirasera iritsi zinen. Nola etorri zinen Bilbora?

Marokoar batekin egin nuen topo, nire egoera kontatu nion eta bidaia ordaintzen lagundu zidan. Nire anaiak ez zekien non nengoen, ez zuen nire berri izan Bilbora iritsi nintzen arte.

Noiz jarri zinen harremanetan berarekin?

Behin adingabeen zentroan nengoela.

Nola iritsi zinen zentrora?

Indautxuko udaltzaingoaren komisariara joan nintzen, eta Amorebietako adingabeen zentrora eraman ninduten. 14 egun igaro nituen bertan, beste toki batera bideratu ninduten arte.

Nora joan zinen?

Artzentaleseko zentrora, gaur egun itxita dago. “Adingabeen zentro” bat zen, kakotxen artean. Baso baten barruan zegoen. Espainiera apur bat ikasten genuen, baina hori baino ez.

Nolakoa zen bertako bizimodua?

Oso zaila. Ez geneukan ez jolasteko ez ikasteko betarik. Basoa baino ez zegoen.

Espazio arazoak zenituzten?

Amorebietan arazoak egoten dira batzuetan, baina urteko garaiaren araberakoa da hori. Oroitzen dut ni egon nintzenean ez zegoela lekurik, bakoitzak ahal zuen tokian egiten zuen lo. Kontuan izan behar dugu gune horietan dauden pertsonak adingabeak direla, eta haurtzarotik marjinatzen dituztela, lehen unetik nabarmenduaz ez direla gainontzeko haurrak bezalakoak. Adingabea zara eta baso baten erdian zaude... ez da Marokotik joatean espero zenuena. Ez zaizkit inoiz gustatu horrelako zentroak.

 

“Oso zaila da adingabeen zentro batean bizitzea, ezin duzu ez jolastu ez eta ikasi”



Nolakoak izan beharko lirateke?

Horretan pentsatu behar dugu, adingabe horiek integratzean. Ez da berdina 25-30 urteko pertsona bat edo 15 urteko nerabe bat bertako bihurtzea.

Nik, adibidez, ez dut uste Marokora itzuliko naizenik, bizitza erdia igaro dudalako hemen. Nire gurasoak bisitatzera baino ez naiz joaten sorterrira. Horregatik, adingabe bat 15 urterekin badator, garrantzitsua da 28 urte dituenean  -nire adina-  hemengoa sentitzea, bestela ez duelako nongoa den jakingo. Horretan pentsatu beharra dago.

Ez lirateke zentroak jatorriaren arabera bereizi beharko, gazte guztiak nahasten ahalegindu beharko ginateke, hori da integraziorako modu bakarra. Nola integratuko da nerabe bat bere jatorri eta erlijio bereko gazteekin soilik egotera bultzatzen badute? Oso zaila da.

Adingabeen zentroetan dauden nerabeak gatazkatsuak direla zabaldu da Aiaraldean. Mezuak hedatu dituzte sare sozialen bidez, Amorebietako adingabeen zentroko sutea eragin zuten gazteak Urduñara eraman dituztela esanez.

Nire ustez, Amorebietako sutea eragin zuen gazteak zigorra jaso behar du, baina ez dute nerabe guztiek ordaindu behar berak eginikoa. Zergatik zabaldu da zentro horretako nerabe guztiak gaizkileak direla sutea pertsona bakarrak eragin zuenean eta gainera atxilotua izan denean? Euskal Herrira etorri den jendea ez da gustuz etorri. Bere jatorrizko herrialdean gaizki pasatzen ari delako eta bizitza berri baten bila dagoelako daude hemen, eta horietako asko oso pertsona onak dira.

Egia da gazte gatazkatsuak daudela. Baina inork ez du galdetzen, adibidez, zergatik drogatzen diren nerabe horiek? Zergatik hartzen dituzte drogak? Nork saltzen dizkie?

Norbanakoak epaitzearen aldekoa naiz ni, ez kolektiboak. Batek lapurtzeak ez du esan nahi gainontzekoek ere hala egiten dutenik. Horren adibide da Otxarkoagako kasua. Sare sozialetan irakurtzen duzu magrebtarrak direla gertatutakoaren erantzuleak... eta ez da hilketen arrazoien inguruan hitz egiten, hiltzaileen jatorria zein den jakitea bilakatzen delako garrantzitsuena. Pertsona batek ez du jatorri bat ordezkatzen.

Pentsatu beharko litzateke  ere zer sentitzen duen komunitate magrebtarrak horrelako mezuak entzuten dituenean. Ez dut esan nahi euskaldun guztiek horrela pentsatzen dutenik, ez da horrela, lur abegikor batean bizi baikara. Baina komunikazio-sare askotan onartu egiten dira horrelako gorroto-mezuak.

Zuri ere iristen zaizkizu horrelako mezuak?
Bai, lagun euskaldunak ditut, eta erakutsi egiten dizkidate. Gaiaz hitz egiten dugu batzuetan, eta ni bezala pentsatzen dute: ezin dela gertaera bat egiten duenaren jatorriaren arabera baloratu.

18 urte betetzean utzi zenuen zentroa.

Beste borroka bat hasi zen orduan. Bilbon utzi ninduten, Guggenheim alboan, aterpe batean hiru egun igarotzeko. Hortik aurrera nire kasa moldatu behar izan nintzen. Horrelakoa izan zen nire kasua, eta baita beste pertsona askorena ere. Baina aurrera egitea lortu nuen, Hemen elkarteari eta Peñascal kooperatibari esker. Bi erakunde horiek ez diote laguntza edonori ematen, merituak egin behar dituzu euren programetan parte hartu eta pisu batean sartu ahal izateko. Hemen-eko kideek eginiko lana nabarmendu nahiko nuke, eurei esker gazte askok lortu dute aurrera jarraitzea. Peñascalekin ikastaro bat egin nuen eta lanean hasi nintzen.

Orain Orozkon egiten duzu lan.

Basaurin bizi naiz, baina Orozkoko fabrika batean nabil kontratu mugagabearekin; eta zergak ordaintzen ditut, beste edozein herritarrek bezala. Marokoko herri berdineko 26 lagun gaude Bilbo inguruan. Soilik hiru daude langabezian, 12 autonomo gisa dabiltza, eta gainontzekoak nire antzerako lanetan. Nire kasuan, uste dut zergen bidez itzultzen ari naizela adingabea nintzenean nigan inbertitu zuten dirua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide