Andra Mari edadetuen egoitzaren akordioa onartu zen asteartean Orozkon eginiko Udal Osoko Bilkuran. "Bizkaiko Foru Aldundiarekin ohiko tramitea da. Plaza bakoitzaren eguneroko kopurua da zehazten dena. Orain arte prezioa moldatzen zen, hemendik aurrera plaza kopurua ere bai", adierazi du Josu Sanpedro alkateak. Hala, 8 pertsona gehiagorentzat tokia izango du egoitzak aurten: "Iaz 36 plaza egon ziren, eta aurten 44".
Pentsiodunen egoera
EAJk pentsionisten egoerari buruzko mozioa aurkeztu zuen: "Pentsioen hazkundea KPIrekin lotzea nahi dugu". Helburua pentsiodunen nahikotasun ekonomikoa ziurtatzea da. Izan ere, %0.25 aitortu zaie, "eta %2tik oso urrun dago hori". Hala, pentsiodunen eskubideak defendatzeko udalak eskuhartzea eskatu zuten jeltzaleek.
EH Bilduko zinegotzia den Zigor Gorostiagak erantsi zuen, Euskal Herriak eredu propioa balu, ez litzatekeela arazo hori egongo. Adiek mozioari muzin egin zion, Nagusiak elkarteari iritzia idatziz helarazi ziola aipatuta: "Nahiz eta gu norbanako gisa mozioak dioenaren alde egon, elkarte eta gobernu talde gisa dugun filosofiagatik, ez gara gure eskumenetan ez dagoen kontuetan sartuko. Oso bidezkoa iruditzen zaigu aldarria, baina dokumentuan eskatzen dena ez dagoenez Adieren esku, abstenitu egingo gara". EAJk eta EH Bilduk alde bozkatu zuten, eta Adiek abstentzioa.
Berdintasun planaren luzapena
Bestalde, Berdintasun plana berritzea erabaki zen osoko bilkuran. 2014tik 2017rako iraupena zuen egun indarrean dagoen egitasmoak. Alkatearen hitzetan, teknikariari balorazioa eskatu diote, eta horregatik proposatu dute bi urte gehiagoz luzatzea plana. Udalbatzak begi onez ikusi zuen proposamena, eta ondorioz, ahobatez onartu zen luzapena.