Zein da zehazki eskaintzen duzuen zerbitzu berezia?
Katu eta txakurren banan banako gorpu-errausketa eskatzen digute gehien bat. Zaldizkoen kasua desberdina da.
Zerbitzu berria denez gero, gure balizko bezero askok oraindik ez dakite zerbitzu hau dagoenik eta horregatik gutxiago eskatzen dute.
Nola bururatu zitzaizuen animalien errausketa abiatzea? Zaldiena da bakarrik edo animali ororentzat?
INADEn hasi baino lehen, albaitari lanean jarduten nintzen; sarritan, gure pazienteetako batzuk hil orduko, eta euren jabeek banakako errausketa nahi zutenean, beste herrialde batzuetara bideratzera behartuta geunden.
Askotan jasotzen zuten zerbitzua eta tratua ez zen nahi bezain ona. Argi neukan zerbitzua nola eman litekeen baldintza egokietan; horregatik animatu nintzen proiektu berri honetan hastera.
Lan asko behar izan zenuten zerbitzua hasteko?
Bai. Gai hauekiko legedia oso zorrotza da eta tramiteak oso luzeak izan ziren. Urte luze batean etengabeak izan ziren kontaktuak herriko administrazioarekin, Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin baimen guztiak lortu arte.
Nolakoak dira zuen bezero arruntenak? Zein animali mota errausten duzue gehienbat?
Geure bezero guztien ezaugarri nagusia da euren zaldizko edo maskotekin duten lotura afektibo estua.
Guztiek sentitzen dute maskotak modu berezian euren bizitzaren parte izan direla, horregatik horientzako bukaera duina eta errespetuzko tratua nahi dute.
Gehien errausten ditugunak etxe-abereak izaten dira: txakurrak eta katuak.
Nolako esperientzia da horrelako zerbitzua ematea, bereziki, jabeekin tratatzeko orduan?
Batzuetan momentu gogorrak bizi behar izan ditugu, geure bezeroek bere bizitzan oso garrantzitsua izan den izakia galdu berri dute eta sentitzen duten pena oso handia delako.
Baina gure laneko alderik atseginena da pertsona horiek jasotako zerbitzu eta tratuagatik lasai eta eskertsu joaten ikustea. Azken finean, hori da gure helburua: dolu prozesua ahalik eta eramangarrien egiten laguntzea.
Euskal Herrian zerbitzu bakarra zarete, baina maiz eskatzen da edo oraindik bidea ireki behar da?
Hasi ginenean, etxe-abereen banakako gorpu-errausketa eskaintzen zuen lehenengo enpresa bizkaitarra izan ginen. Orain 1.000 kilometroko ingurunean zaldizkoen banakako gorpu-errausketa eskaintzen lehenengoak izan gara.
Maskoten errausketari dagokionez, egun jabeen artean gure zerbitzua nahiko ezaguna dela uste dugu.
Orain geure zerbitzua zaldizkoen eta ponien jabeen artean zabaldu behar dugu, oraindik ez dakitelako euren zaldien errautsak berreskuratzea posiblea dela.