Asteartean izan zen Orozkoko Udalbatza. Eskolako estalkia konpontzea eta igerilekuko klimatizazioa hobetzea izan ziren hartutako erabakietako bi. Diru-laguntza eskaerak egin dituzte horretarako.
Eskolako obra
"Eskolaren kasuan eraikin zaharraren teilatua berritzeko diru-laguntza eskatu genuen, 139.000 eurotan baloratutako memoria aurkeztu genuen, eta 83.000€ emango dizkigute, %60 hain zuzen", azaldu du Josu Sanpedro alkateak. Edifizioak itokinik ez badu ere, egoera kritikoan dago egun, alkatearen hitzetan: "Hautsi baino lehen, aurreratzea erabaki dugu; berdin jarri beharko baita dirua".
Igerilekuko klimatizazio sistema
Igerilekuari dagokionean, 83.000 euroko gastua aurreikusi zuten, "nahiz eta eskaera muga 80.000 eurokoa izan". Energia sistema berritzeko 48.000€ eskuratuko dituzte, hots, %60. "Igerilekuko klimatizazioa aldatzean datza. Ireki zirenetik dago martxan, Agenda 21n barruan eskaera aurkeztu dugun 3. aldia da. Azkenean onartu egin digute".
Udalaren erremanentea ere izan zuten hizpide; 171.548 eurokoa izango baita, azken moldaketa egin ondotik. Bestalde, hondakinen tratamenduaren zerbitzuaren prestazioa egiteko hitzarmena onartu zen.