Eskuak bete sari itzuli dira Orozkoko Gazte Asanbladako kideak Euskarazko Spoten Euspot lehiaketatik. Spot onenaren saria jaso dute Gizaki programatuak izeneko bideoagatik:
"Arratsalde batean bildu ginen bideoko ideia pentsatzeko. Hainbat proposamen atera ziren, baina topikoetan ez erortzea eta errealitatea Gazte Asanbladaren ikuspuntutik jasotzea erabaki genuen azkenean".
Hala azaldu du bideoaren sorkuntza-prozesua asanbladako kidea den Nora Latatuk. Bere izenean aurkeztu zuten lana lehiaketan. Hori dela eta, bigarren sari bat jaso dute: Mondragon Unibertsitateko ikasle batek eginiko spot onenarena -Latatuk bertan ikasten baitu-.
Hala ere, gazte eragileko kideek nabarmendu dute lana kolektiboa izan dela. “Guztion artean egin dugu. Irabazi dugun dirua gazte asanbladaren proiektuak aurrera ateratzeko baliatuko dugu”.
Lataturen aburuz, pertsona baten bi alderdi erakusten ditu spotak: benetakoa eta sare sozialetan erakusten dena. “Bi irudi horien arteko guda islatu nahi genuen”. Mezu argia plazaratu dute horrela: "Benetako pertsonari eman behar zaiola garrantzia".
Herriko hainbat lagunek hartu dute parte bideoaren grabaketan. Spotean entzuten den olerkia Irati Usiak idatzi du eta Leizuri Bilbaok errezitatu du. “Eskerrak eman nahi dizkiegu bideoan agertzen diren eta grabaketan lagundu gaituzten guztiei”, adierazi du Latatuk.
Aurreko edizioetan ere sarituak
Honakoa ez da Orozkoko Gazte Asanblada euspot lehiaketara aurkeztu den lehenbiziko aldia. Iazko edizioan beste bi sari irabazi zituzten: Publikoarena eta Mondragon Unibertsitateko ikasle onenarena. Hau da aurkeztu zuten lana: