“Emakumeen sareak osatzeko balio dute pala txapelketek”

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 25a, 07:00

Olgetan taldeko kidea da Udane Iturbe Artagoitia. / Aiaraldea.eus

UDANE ITURBE ARTAGOITIAk (Orozko, 2001) Emakume Bizkaitarren V. Kiniela irabazi zuen iragan astean. 

Getxotik txapela ekarri berri duzu. Pozik garaipenarekin?
Bai! Kiniela txapelketa izan zen, ezberdina, beraz. Hiru liga egiten dira, bikoteka, Kinielan. Multzo bakoitzetik bikote bana sailkatzen da finalera. Baina ez da hori berezitasun bakarra: tantoka jolasten da, pilota galtzen duena doa kanpora; eta 15. puntua irabazten duenak egiten du txapelketan aurrera.

Azken tantoa da inportanteena, beraz!
Bai, dena jokatzen da 15. tantoaren bueltan. Nik birritan jolastu dut Pala Kiniela txapelketan, Getxon beti. Festetan antolatzen dute lehiaketa: Emakumeen arteko Pala kiniela txapelketa. Duela bi urte beste bikote batekin jokatu nuen, eta bigarren geratu ginen.

Orozkon egiten al da horrelako txapelketarik?
Ez. Behin egin zen, duela asko, baina ez da errepikatu. Palan Kinielak gizonezkoek egiten dituzte gehiago.

 

"Gaur egun, emakumeak gara palan gabiltzan guztiak"

 

Nolakoa da palaren egoera Orozkon?
Gure kategorian 6 emakume gaude jolasten, baina badago 9 urtekoen beste talde bat. Gu gara nagusienak, 16urtetik gorakoak, federatuak. 20 urtetik gorakorik ez dago Orozkon. Gaur egun, emakumeak gara palan gabiltzan guztiak. Lehen, gizonak ere baziren, nire neba kasu. Eskupilotan ere aritu izan dira neskak, eta palan mutilak ere bai, baina ez da palako bikote mutilik atera. Palan ez dago jende asko, baina nik uste dut aurrera egingo duela urteekaz. Neska txikiek ilusio handia dute, eta hori ikustea oso polita da.

Noiz hasi zinen palan?
Duela sei urte. Lagunekin batera animatu nintzen, palan jolastea eskainiko zutela entzun genuenean probatzea erabaki genuen.

Ez da txapelketan goia jo duzun lehen aldia...
Hasi nintzenetik egon naiz lehiatzen. Hasieran, eskolakoekin zen, Orozkokoen artean egiten genituen partidak.

Ilusioz eta gogotik entrenatzen duzue, Olgetan elkartean.
Bai, palan astean bitan aritzen gara: astearteetan eta ostegunetan. Taldean entrenatzen dugu, bederatziak batera. Normalean bikoteka aritzen gara, txapelketak binaka direlako. Orozkon, ordea, txapeketa bat antolatzen dugu, banakakoa. Ekainaren 23an izaten da finala.

 

"Momentuz ondo sentitzen naiz, jarraitu nahi dut. Olgetan disfrutatzen dudan bitartean ez dut utziko"

 

Zein da zure erronka edo helmuga pertsonala?
Momentuz ondo sentitzen naiz, jarraitu nahi dut. Olgetan disfrutatzen dudan bitartean ez dut utziko. Ez dut beste erronkarik, gozatzea da nire helburua. Eskolarteko ligan izan dira gure partida gehienak, gu jada federatuta gaude.

Erresistentzia ala kolperako indarra, zer behar da palan?
Erresistentzia, baina kolperako indarra baduzu, hobeto.

Non lehiatzen zarete?
Bizkaian, batez ere. Pala ez dago eskualdeka hain errotuta, beraz, lurralde mailan jokatzen dugu. Uxue Etxebarria eta Uxue Lazkano orozkoarrek, esaterako, aurreko astean irabazi zuten Bizkaiko liga. Gure kategorian denok jolasten dugu, baina txikiagoek lotsagatik gaizki pasatzen dute. Txapelketek emakumeen sareak osatzeko balio dute. Eskualdean ez dago lehiaketarik, baina Aretakoak bai ezagutzen ditugu.

Frontoian gizonezkoak dira nagusi, oraindik?
Geroz eta gutxiago, baina bai. Orozkoko finaletan ikusle gehienak mutilak dira. Eskupilotan palan baino pertsona gehiago dabiltza. Azken urteetan, ordea, jende gehiago animatu da. Bakoitzak bere jolasa du, nik lagunekin pala probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan.

Zuretzat zer da pala edo palan jokatzea?
Asko dibertitzea. Beste mundu bat da, frontoira sartzen zaren unetik.

Pilotak ere izango du garrantzia palan...
Bai, gomazkoak erabiltzen ditugu, baina mailaren arabera ezberdinak dira: puntu berdedunak, horidunak...

 

"Gure taldeko jendearen osabek beti jolastu dute palan, baina emakumerik ez dugu guk ezagutu"

 

Trinketean aritu al zara inoiz?
Eskualdean ez dago frontoirik. Nik hiru aldiz probatu dut, Bilbon. Udan Miribillara gonbidatu gintuzten trinketea ezagutzera. Astebetez aritu ginen gauza ezberdinak probatzen.

Zuek zarete Orozkoko aurreneko emakumezko pala jokalariak. Izan duzue erreferenterik?
Ez. Gure taldeko jendearen osabek beti jolastu dute palan, baina emakumerik ez dugu guk ezagutu. Duela 6 urte pala jartzea erabaki zuten, eta ni eta lagunak animatu egin ginen.

Zelako etorkizuna opa diozu kirolari?
Ona, jende asko batu dezala!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide