Iritzi ezberdinak nagusi, gizarte larrialdietarako udal etxebizitzen kudeaketa proposamenetan

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko eka. 14a, 11:41
Asteartean izan zen ekaineko udalbatza. / Aiaraldea.eus

Larrialdietarako udal etxebizitza aukerak izan ziren eztabaida nagusi udalbatzan. Alderdi bakoitzak bere jarrera eta proposamena defendatu zituen. Desadostasunaren aurrean, 7.200 euro bideratuko dira behar horietara, orain arte bezala. 

Arriberri harrobiko lan-heriotzen harirako adierazpen instituzionalarekin hasi zen ekaineko udalbatza asteartean. "Ez da zilegi bizia aurrera ateratzera doazenak bertan galtzeak. Bat egiten dugu senide eta lagunen saminarekin", aipatu zuen Josu Sanpedro alkateak. Udalak mobilizazioekin bat egin zuen, eta minutu bateko isilunea gauzatu zuten protesta eta elkartasun keinu gisa:

Energia zerbitzuen enpresarekin kontratu moldaketa onartzea izan zen erabaki zen beste gaietako bat. "Argi gune gehiago jarri dira", zehaztu zuen alkateak. 

Horrez gain, udal ortu ekologikoen araudia izan zuten hizpide. Rakel Olabarriak aurkeztu zuen erabilera sistema, batzordetik igaro ostean. Olabarriaren esanetan, erabiltzaileekin eta ikastaroak eskaini dituen enpresaren aholkularitzarekin osatu dute txostena. 2018. urteko ekitaldiko lehenengo hiruhileko aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko txostenaren berri ematea ere egin zuten.

Larrialdietarako etxebizitza, eztabaidagai
EH Bilduk gizarte larrialdietarako etxebizitzaren inguruko mozioa eraman zuen bilkurara. Ipergorta kalean kokatua dago azpiegitura hori. "Udalaren egoera ekonomikoa jasangarria da, baina zoritxarrez arazo ekonomiko eta sozialak dituzten familiak daude oraindik ere", azaldu zuen Zigor Gorostiaga zinegotziak. Orozkon ehunka etxebizitza huts daudela erantsi zuen: "Zaila da udaletik alokairuetara edo bestelako erabileretara bideratzea etxe horiek. Une egokia da, gure ustez, udalaren esku dagoen etxebizitza honi gizarte erabilpena emateko". Horregatik, udalarena den pisua gizarte larrialdietara bideratzea proposatu zuten, hots, jabetzan mantentzea. Horretarako prozesua ere zehaztu zuten.

EAJri ideia ona iruditu zitzaion, baina pisu bakarra gutxi dela-eta, saltzea hobesten zutela argitu zuten: "Larrialdi bat baino gehiago egongo dira. Hobe da saltzea eta diru poltsa horrekin beste larrialdiei ere heltzea".

Udalaren arabera, azken hilabeteetan hiru kasu egon dira. Etxebizitza bat mantentzea udalak zorra izanda, ez du egokitzat jo gobernu taldeak. Alta, etxe hutsetako bat alokatzeko aukera mahaigaineratu zuten, arazorik izatekotan eskura egoteko. EAJk pisua saltzea eta 160.000 euro horiekin gizarte larrialdiei erantzuteko diru-poltsa osatzea defendatu zuen. EH Bilduk ohartarazi zuenez, epe motzean alokatzeko aukera gutxi dago Orozkon, "informatzen eta galdetzen ibili gara".

Alkatearen iritziz, berriz, "beharra badago", eta horregatik areagotu dituzte diru-partidak. "Iaz 22.000 euro aurreikusi ziren, eta 30.000 erabili behar izan ziren. 2013an 13.000 baino ez ziren". Alegia, laguntzak bikoiztu egin dira azken bost urteetan. Udaletik bideratutako proiektuen eta gastuen berri eman zuen segidan Sanpedrok. "7.200 eurorekin iristen garela uste dugu, baina araudia egin behar da. Posible da gutxiago gastatuz beharrei erantzutera iristea. Orozkon, uneotan, esaterako, 2 etxebizitza daude alokairuan. Diru kopuru horrekin posible da Orozkon etxebizitza bat alokatzea urte osorako", erantsi zuen. Aipatutako arrazoiak ardatz, eraikina udalaren jabetzan geratzearen kontra bozkatu zuen Adiek; EAJ abstenitu egin zen, eta EH Bildu alde lerrokatu zen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide