Herri programari jarraiki, Gizarte Etxea egiteko proposamena aurkeztu du Adiek. Atzoko udalbatzan onartu zen egitasmoa gauzatzeko kreditu konpromisoa. Izan ere, gastua exekuzio proiektuaren araberakoa izango da. Dena den, 515.000€ aurreikusi ditu udalak, obren beharretara egokitzeko "datorren urterako 100.000€ gordeta". Josu Sanpedro alkateak azaldu zuenez, kreditu konpromisoarekin dirurik ez faltatzea bermatuko dute.
Eraikinaren funtzioei dagokienez, Adiek ikasgela, entsegu lokalak, liburutegia edota ludoteka moduko zerbitzuak aurreratu zituen. Hain zuen, zerbitzu horiek eraikin batean bateratzea da gobernu taldearen asmoa; egun, zenbait eraikin -liburutegia kasu- zaharkituta daudela iritzita.
Udal brigadaren toki aldaketa
Udazkenean abiatuko du udalak Gizarte Etxea martxan jartzeko lizitazioa. Bien bitartean, baina, udal brigada tokiz aldatzeko aukerak aztertu dituzte. “Erostea ezinezkoa zaigu, erosteko aukerarekin alokatzea aztertu dugu, baina Aldundiak ez digu baimena eman. Hortaz, pabiloia alokatzea da aukera bakarra”.598 metro koadroko pabiloi bat du begitan udalak, aldagela, bulego eta beharrezko espazioekin, “1.700 euroko gastua ekarriko du hilero, baina merkatuko prezioak aztertuta egokia da”. 10 urterako akordioa itxi dute, uztailetik aurrera erabiltzeko. Baldintzen artean erosteko edo prezioa merkatuaren arabera baloratzeko parada sartu dute.
Oposizioa, desados
EAJk eta EH Bilduk Gizarte Etxearen aurka bozkatu zuten. Jeltzaleen aburuz, Orozkok ez du sekula izan Gizarte Etxearen beharra. "Ez dugu proiektuan sinisten. 415.000 euro horiek beste gauza batzuetara bideratu beharko lirateke”. Ildo beretik, eskola eta liburutegia berritzearen beharra mahai gaineratu zuten, Gizarte Etxearen ekintza berak jaso ditzaketelakoan. Adiek udal brigadaren egungo eraikina “EAJren obra faraonikotzat” jo izan duela salatu zuten jeltzaleek: “Gizarte Etxea izango da aurten 415.000 euro lurperatuko dituen sarkofagoa, eta hurrengo urtean beste 100.000 euro ere bai”.
EH Bilduk ere ez zuen begi onez ikusi proposamena, herrian bestelako beharrak daudela argudiatuta.
Gizarte Etxea finantzatzeko Ipergortako bi etxebizitza saldu ditu Udalak. “308.934 euro jaso dira hortik, horri eskerrak atera ahalko dugu lehiaketara proiektua”, azaldu zuen Josu Sanpedro alkateak.
EH Bilduk EAJri leporatu zion udalak diru hori orain arte “zorren likidaziorako” zela esan izana, eta EAJk “aurrekontu tranpak” horregatik direla aipatu zuen. EH Bilduk ere desadostasuna adierazi zuen: “Proiektu berriko gastuari hilero 1.700 euro gehitu beharko litzaizkioke, izugarrizko errentamendutan sartuko ginake”. Alkateak egitasmoa defendatu zuen, herritarren erabilerarako gunea izango dela nabarmenduta.
2017ko kontu orokorraren itxiera
2017ko kontu orokorren itxiera ere bozkatu zuten osoko bilkuran. "4.274.203 euroko aurrekontua onartu genuen iaz, eta zenbait moldaketa ostean 6.190.716 eurokoa izatera igaro zen". Josu Sanpedro alkateak azaldu zituen aldaketak bilkuran. Izan ere, sarrerei dagokienez, 2 diru-laguntzari esker -70.000 eta 30.000 eurokoak, hurrenez hurren- soberakina 346.500 eurokoa izan zen. Horregatik eskatu ahal izan zuten Zubiaur Eraikuntzak-eko zorrari aurre egiteko milioi erdia bankuan.
Gastuei dagokienean, urtean zehar egindako aldaketak azpimarratu zituen alkateak: landa bideen konponketak, osasun etxeko obra, Gizarte Etxekoa eta Zubiaur Eraikuntzen zorrena. “311.939,14 euroko superhabitarekin itxi dugu urtea". Dena den, zenbait partiden eraginez izan da, udalburuaren esanetan. “Zenbait partidetan moldaketa txikiak egin dira. Plan Orokorrerako aurreikusitako dirua 2018an erabiliko dugu, inbertsioa bera izango da”.