Irailaren 1ean margolariz beteko da Orozko. Izan ere, I. Orozko Harana kaleko pintura lehiaketa antolatu du Udalak. Herria izango dute gai artistek, eta bertako txokoak irudikatu beharko dituzte.
Teknika eta formatu aldetik librea izango da txapelketa, nahiz eta fondoa gogorra eta txuria izatea eskatuko duten parte hartzeko. Orozkoko Museoaren zigilua eraman beharko dute obrek, "horretarako 9:00etatik 10:00etara egongo da aukera". Antolatzaileek aurreratu dutenez, une horretan banatuko dituzte beharrezko mapa eta fitxak, kanpoko jendea hurbiltzea espero baitute. Egunean bertan entregatu beharko dituzte lanak, 14:00etatik 15:00etara. Epaimahaia adituek eta kultura zinegotziak osatuko dute, "17:00etan izango da sari banaketa".
Sariei dagokienean, 800€ jasoko ditu irabazleak, 500€ bigarren sailkatuak eta 200€ hirugarrenak. Aurkeztutako lanak Orozkoko Museoan jarriko dituzte ikusgai, irailaren 16 arte.