Orozkoko EAJk prentsa oharra zabaldu du adierazteko zentro zibiko berriaren eraikuntzaren kontra dagoela. Horren aurka bozkatu zuten udalbatzan eta hala azpimarratu nahi izan dute.
Euren jarrera argudiatzeko, jeltzaleek aipatu dute "auzoetan egin behar diren hobekuntzak baztertu egin direlako, beharrezkoa ez delako eta kostua handiegia eta justifikaziorik gabea izango litzatekeelako" daudela zentro zibiko berriaren aurka.
Hortaz, auzoetan obrak eskatzeaz gain, EAJko kideek salatu dute, euren aburuz, inbertsio berria gastu gehiegi izango dela: "Gaur egun Udal Brigadaren lokala Zubieta etorbidean dago (ADIEk eraikin hori baliatu nahi du bertan zentro zibikoa egiteko) eta brigada Torrezarreko industrialdera eraman nahi du. Kokapen aldaketa horrek udal kutxarentzat ekarriko luke hamar urtetan 250.000 euroko kopurua xahutzea: 25.000 euro urtean. Batuketa sinplea eginez, 750.000 eurotik gora".