30 urte daramatza Itxinape Mendiko Taldeak “Orozko Harana” iraupen ibilaldia antolatzen. Aurtengo edizioa urriaren 7an abiatuko da Zubiaurreko plazatik. Euskal Herriko federazioak antolaturiko iraupen luzeko ibilaldien zirkuitu barruan egongo da kirol zita hori.
Urtero bezala, hiru ibilbide izango ditu. Laburrak 25 kilometroko luzera izango du, Oderiaga mendiko tontorretik igaroko da eta Austigarmineko aterpean izango dute horniketa zain mendizaleek.
Ibilbide ertaina 36 kilometrokoa izango da, Ipergortako gailurra zeharkatuko du eta Austigarmineko aterpean ez ezik Bikotxganen ere aurkituko dute anoa-postua parte-hartzaileek.
Azkenik, ibilbide handiak Gorbeiako gurutzeraino igoko ditu mendizaleak 41 kilometroko ibilaldian.
Hirurak ordu berdinean abiatuko dira Orozkoko Zubiaur plazatik, 7:30ean.
Izen emateko epea larunbatean zabalduko da
Izen emateko epea larunbat honetan irekiko dute, irailaren 22an. Antolatzaileek gogorarazi dute ez dela egunean bertan inskripzioa egiteko aukerarik egongo, horretarako parte-hartzaileek itxinape.com atarira jo beharko dute urriaren 4a baino lehen.
Izen emateak 3 euroko kostua izango du federatuentzat eta Itxinapeko bazkideentzat. Federatu gabeko mendizaleentzat, ordea, 5 eurokoa izango da prezioa.