Hitzarmena sinatu du Orozkoko Udalak Gurutze Gorriarekin, herrian gizarte, osasun eta asistentzia alorrei lotutako hainbat zerbitzu eskaintzeko. Akordio horren bidez “arreta berezia” eskaini ahalko diete gizarteratzeko zailtasunak dituzten edo kalteberatasun egoeran dauden bizilagunei. “Gainera, ezbeharrek sortutako kalteen konponketan, hondamendi publikoetan, gatazketan, gaixotasun edo epidemia egoeretan eta osasun arloko prebentzioan, asistentzian eta konponketan lan egingo da”, tokiko erakundeak azaldu duenez.
Hainbat funtzio
Hauek dira Gurutze Gorriak eskainiko dituen zerbitzu nagusiak: elikagaien eskaerak egiten dituzten familien balorazioak burutzea, horniketa laguntzen kudeaketa, haurren loteak osatzea, beste kanpaina batzuetako loteak kudeatzea, gizarte zerbitzuetatik eratorritakoei erantzuna ematea eta formazio saioak eskaintzea edo horiei begirako laguntza ematea.
Horrez gain, bi erakundeak elkarlanean arituko dira udalak antolatzen dituen ekintza publikoetan.