Lanuzteak deitu ditu biharko Orozkoko Artiach lantegiko gehiengo sindikalak (LAB, ESK, ELA eta CCOO) langile baten kaleratzea salatzeko. “Udako oporren garaian kaleratu dute eta enpresak 'integritate-testa' baliatu du argudio gisa, beste behin”, salatu dute sindikatuek. Horren aurrean, langileek adierazi dute ez dutela kaleratzerik onartuko.
Horrez gain, ebentualitatearekin eta aldi baterako laneko enpresarekin amaitu behar dela aldarrikatu dute. “Oinarrizko postuak aldi baterako langileekin betetzen jarraitzen du enpresak, eta horrek ez du bizitza proiektu bat garatzen uzten. Horrez gain, 'integritate-testa' albo batera uztea eskatu dute beharginek. “Proba erabat subjetiboa da, ez du pertsona batek Galletas Artiach enpresan lan egiteko behar duen formazioa neurtzen. Sindikatuen aburuz, test hori enpresak baliatzen duen “beste gezur bat” da, “kaleratzeak objetibizatzeko” eta, modu horretan, langileei beldurra sartzeko.
Horren aurrean, kontratazio politika “gardenago eta objetiboagoa” eraiki behar dela nabarmendu dute lanuzteen deitzaileek, eta adierazi dute tamalgarria dela horren afera garrantzitsuan “sindikatu guztiak batera” ez egotea. “Baina Langile Batzordearen gehiengoa osatzen dugunok ez dugu inor babesgabe sentitzea onartuko”. Hori dela eta, langile guztiei luzatu diete lanuzteetan eta astean zehar egingo dituzten beste dinamiketan parte hartzeko gonbita, “siglen gainetik langileen batasuna dagoelako”.
Gauzak hala, bihar lanuzteak egingo dituzte lantegian eta 10:30ean mobilizazioa egingo dute fabrikatik Orozko erdigunera.