“Hasieran jolas bat bezala hartu nuen kick boxinga, ez nuen uste munduko txapeldunordea izatera iritsiko nintzenik”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 9a, 07:30
Hiru urte zituenetik dago Izaro Blanco Pikatza kick boxingean. / Josu Zaldibar

IZARO BLANCO PIKATZA (Orozko 2005), Zilarrezko dominarekin itzuli da Venezian jokatutako Munduko Kick Light Txapelketatik. Hiru urte zituenean ekin zion orozkoarrak kick boxinga praktikatzeari, eta ibilbide oparoa egin du ordutik hona: hamar aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa eta zortzi aldiz Espainiakoa.

Kick Lighteko Munduko Txapelketatik zilarrezko dominarekin itzuli berri zara. Zer moduz egon zen norgehiagoka?

Ondo joan zen. Espainiako Txapelketarekin alderatuta oso gogorra izan zen.

Zergatik?

Espainiako Txapelketako epaileak ez dira berdinak, ohituagoak gaude horrelakoak izatera. Munduko Txapelketan gauza ezberdinak dira: jende eta herrialde asko daude lehian. Urduri egon naiz, besteak egiten zutenari begira etengabe. Presio gehiago izan dut.

Hala ere, zilarrezko dominarekin itzuli zara etxera.

Esperientzia hartzeko helburuarekin joan nintzen txapelketara. Finalaurrekoa irabazi nuenean asko motibatu nintzen.

Kick boxinga praktikatzen duzu zuk. Zer ezberdintasun dago kirol horren eta kick lightaren artean?

Kick boxingaren barruan sartzen da kick lighta. Hainbat modalitate daude, berez geldoagoak direnak. Baina munduko txapelketetan ez dira batere xamurrak, indartsuak dira. Kick lightean ostiko baxuak baliatzen dira.

Zer modalitatetan aritzen zara normalean?

Normalean point fight eta light contactean aritzen naiz. Espainiako selekzioak proposatu zidan kick light txapelketara joatea, baina ni berez oso gutxi entrenatu dut modalitate horretan.

Munduko txapelketaz gain, beste hainbat sari lortu dituzu.

Espainiako txapelketa zortzi aldiz irabazi dut eta Euskadikoa hamar aldiz. 2016an Munduko Txapelketan egon nintzen, Irlandan. Bosgarren postua lortu nuen bertan.

Txapelketa asko irabazi dituzu. Zein da zure erronka orain?

Espainiatik kanpo lehiatzea izango da nire helburua. Irlandara, Alemaniara... joan nahiko nuke, esperientzia hartzeko. Espainiako Txapelketan kirolari berdinen aurka aritzen naiz beti. Beste herrialdeetan askoz zaletasun handiagoa dago. Espainiako Kick Boxing Txapelketan ere irabazten saiatuko naiz, gero Europakora joateko.

Saskibaloian ere aritzen zara.

Bai, Gasteizko Araski taldean nago. Bi kirolak uztartzen ari naiz, maila berean. Orain entrenatzen ari gara, Arabako Liga irabaztea helburu. Kirol ezberdina da saskibaloia, taldean jokatzen baita.

Zure neba ere kick boxingean aritzen da. Familiatik datorren zaletasuna da zuena?

Neba hasi zen praktikatzen eta ni sartu nintzen gero, gustuko nuela ikusi nuelako.  Gure aitak judoa egiten zuen, eta Madrilen bigarren postua lortu zuen behin. Hiru urterekin hasi nintzen kick boxinga praktikatzen, baina bide luzea dut oraindik egiteke.

Gaztea izan arren bide luzea duzu egina, orduan.

Bai. Hasieran jolasa bezala hartu nuen, ez nuen uste munduko txapeldunordea izatera iritsiko nintzenik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide