Erabateko adostasuna izan zen nagusi urriko udalbatzan

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko urr. 12a, 08:32

Asteartean izan zen urriko udalbatza. / Orozkoko Udala

Terrazen okupazioa mugatzeko plano teknikoa egingo dute eta udaleko beharginen baldintzak hobetu dituzte.

Aste honetan izan da Orozkoko udalbatza, eta erabateko adostasuna izan zen nagusi gai guztietan. Besteak beste, zergen gaiari heldu zioten sakonen. Batetik, gizarte ekintzetarako diru-laguntzak areagotzeko proposamena jakinarazi zuten; eta, bestetik, terrazen okupazioa mugatzeko ardura: "Planoa zerbitzu teknikoak egingo du, eta udalbatzak onartu beharko du terrazak jartzeko eremuaren mapa". 

Euskaraldiari babesa
Halaber, Euskaraldira atxikitu zen Udala. "Euskara lehenetsi behar dugu. Bizikidetza osasuntsu baterako lehen urratsa euskara eta gaztelaniaren artean oreka lortzea da. Hizkuntza eta genero berdintasuna lortzea dugu helburu", adierazi zuen Begoñe Olabarria Adieko zinegotziak. Euskara biziberritzeko beharrezkotzat jo zuten norbanako, jendarte eta administrazioen ahalegina uztartu eta elikatzen jarraitzea. Orozkoko Udalbatzak Euskaraldiarekin bat egin zuen, horrenbestez. 

Bestalde, larreen aprobetxamendurako araudia eguneratu zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak, udaleko alderdiek eta herriko elkarteek batera osatu dute eranskina. 

Udal beharginen aldaketak
Udaleko beharginen lan-saria hobetuko dute, %2.05ko igoera iragarri zuen Josu San Pedro alkateak. Ildo beretik, obretako udal brigadetako aldaketak azaldu zituzten: "Zerbitzuen batzordetik bi mugimendu egin dira. Bi postuen izendapenak ez datoz funtzioekin bat". 

Argiztapenari dagokionez, kontratua luzatzeko beharra mahaigaineratu zuen alkateak. Apirileko udalbatzan onartu zuten egitasmoa, baina zehaztutako zereginetan ez ziren 10 horniketa aurreikusi. "Ondorioz, lizitazioa atera ordez logikoena da enpresa berarekin egitea". Oposizioak begi onez hartu zuen erabakia, denek bozkatu zuten alde, eta Imesapi enpresak helduko dio lanari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide