Euskalmet zerbitzu meteorologikoak iragarri du tenperaturak jaitsiko direla gaur bertan eta euria ugarituko dela. Denboraldia asteburuan luzatuko da eta unerik latzena larunbat eta igande artean izan daiteke, elur-kota 600 eta 800 metro artean kokatuta.
Bihartik aurrera egoerak okerrera egingo du eta zaparrada ertain eta handiak eta iraunkorrak egongo dira; ekaitzak izan daitezke eta txingorra ere. Elur-kotak behera egingo du; goizaldean 1.800 metrotan egongo da, eguerdian 1.000 metrotan eta egunaren amaieran 800 metrotan.
Igandean, urriaren 28an, elur-kota, oro har, 600 eta 800 metrotan izango da egun osoz, eta ez da baztertzen ekaitz-guneetan gehiago ere behera egitea. Elur-lodierak 10 eta 50 zentimetro artekoak izango dira 1.000 metrotan, Euskalmeten aburuz.
Gaztain Eguneko ibilaldia
Iragarpen horien ondorioz, Supelaur Elkarteak erabaki du ez egitea ohitura bilakatu den mendi ibilaldi zirkularra Gaztain Egunean.
Iñaki Garcia Uribek laguntzen du elkartea ekintza horretan, eta sare sozialetan azaldu du bertan behera utzi dutela, bideko zenbait puntu arriskutsuak izan daitezke eta. Hori dela medio, deialdia egin dute jendeak bere kabuz egin ez dezan.
Dena den, orozkoarrak argitu du egitarauko gainerako ekintzak mantenduko direla Zubiaurreko frontoian; hamaiketakoa zein musika eta dantza erakustaldia Ubixeta eta Benafarroa taldeen eskutik, alegia.