Udal Osoko Bilkura egin zuten atzo Orozkon. Datorren urteko udal-aurrekontuak onartu ziren bertan. Udal Gobernuak eman zuen diru-partiden xehetasunen berri. Berdina izango da 2019ko aurrekontuen gastuen eta diru-sarreren zenbatekoa: 5.000.300€ bi kasuetan. “Aurrekontu orekatua” izango da beraz, Adieko kideen arabera.
Azaldu dutenez, diruaren zati handi bat (1.100.000 euro) nagusien egoitzara bideratuko da, eta kopuru horren kudeaketan udalak bitartekari papera baino ez duela betetzen. Datorren urteko aurrekontua 206.000 eurotan handituko da, aurtengoarekin alderatuta. Nagusien egoitza dago igoera horren atzean, 300.000 euro gehiago bideratuko direlako bertako zerbitzura.
153.000€ auzoetara
Inbertsioen artean 153.000 euroko diru-partida zehaztu dute auzoen mantenurako. Bideen konponketa planera, bideen asfaltatzera eta barandak konpontzera bideratuko dute, hain zuzen. 69.400€ erabiliko dituzte zaborrak jasotzeko eta 173.250€, aldiz, Udaltalderako. Etxeetan poltsa berrerabilgarriak banatzeko asmoa ere agertu dute, eta 5.000 euro baliatuko dituzte horretarako.
Diru gehiago Sanantolinetara
Sanantolinetara bideratuko duten diru-kopurua ere handituko dute. 78.000 eurokoa izatetik 86.000koa izatera igaroko da herriko festak antolatzeko aurrekontua.
Era berean, diru gehiago egongo da euskara ikasteko bekak finantzatzeko: 12.000€. Horrez gain, 10.000 euroko laguntza emango diote maiatzean herrian Orozkorock jaialdia antolatzeko asmotan dabilen taldeari.
Kirikiñausi ibilbidea ere sustatuko dute, 8.000 eurorekin. Horrez gain, 90.000 euro gordeko dituzte zentro zibikoko altzariak erostera. Guztira 600.000 euro inbertituko dituzte proiektu horretan.
Gizarte ongizatean igoera
Igoera egongo da baita ere gizarte larrialdietarako laguntzetan: 32.000 euro egongo dira guztira. Era berean 10.000 euro baliatuko dituzte udaletxearen fatxadan hainbat lan egin eta herritarren arretarako zerbitzua berritzeko.
Altxortegiaren soberakinaren zain
Josu San Pedroren hitzetan, inbertsioak udaleko teknikarien irizpideen arabera zehaztu dituzte, udaleko zerbitzu eta egituren beharrak kontuan hartuta. Dena den, udal-gobernuak jakinarazi du altxortegiaren aurtengo soberakinaren zenbatekoa jakin arte itxaron beharko dutela, zenbateko horrekin zer proiektu garatu daitezkeen ikusteko. Hala ere, soberakin hori 400.000 eurokoa dela aurreikusi dute. “Aurten udal hauteskundeak daudela ikusita, uste dugu etikoena dela diru horri hurrengo udal-gobernuak erabiltzea”.
Diru-sarrerei dagokionez, handitu egin da Udalkutxak udalari ematen dion diruaren zenbatekoa. 129.000 euro gehiago jasoko ditu tokiko erakundeak.
EH Bildu abstenitu egin da, eta EAJk aurka bozkatu du
EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren bozketan, Adiek planteatutako aurrekontuak “trantsiziokoak” direla argudiatuta. Ez dituzte gaizki ikusi erronkak, baina apustuak egiteko beharra nabarmendu dute, euskaran eta lehen sektorean batez ere.
EAJk, aldiz, aurkako botoa eman zuen. Jeltzaleek uste dute aurrekontuetan sartu beharko litzatekeela Zubiaur Eraikuntzak sozietatetik saltzeke jarraitzen duten pisuen dirua. Ildo beretik, EAJkoen ustez, aurrekontuetan sartuta egon beharko litzateke Zubiaur Eraikuntzak sozietateko kontseilari ohiei eman beharko litzaiekeen 60.000 euroko kalte-ordaina.
Adiek plenoan erantzun zuen ez duela pisuen dirua aurrekontuetan txertatu salmentak ziurtatuak ez daudelako.