Telleriak eta Martinezek urteak daramate lanean bikote artistikoa eratuta. Asko dira sortu, ekoitzi eta antzeztu dituzten lanak, euskaraz zein gazteleraz, berezko langintzatik garatuak.
Ezagunak dira euskara eta euskal kultura umorearen erdigunean jartzen dituzten obrak taularatzeagatik: Euskarazetamol, Euskara cencilloaren manifestua, Ez dok hiru, etab.
Emanaldi honetan, berriz, tabernara gonbidatzen dituzte ikusleak, eta ez zentzu figuratuan soilik. Tabernariak bere ohiko bezeroei kaña bat ondo botatzen irakatsi nahi die. Hori, ordea, bestelako kezkez aritzeko aitzakia besterik ez da izango. Estilo eta forma berezia du antzezlanak, narrazioaren muinak (denbora eta ekonomia eredu berrien gatazkak) horrela eskatuta.
