LAB sindikatuak salatu du Grupo Nortek Ibarrako Jesus Maria Zentroaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, langileen egoerak okerrera egin duela nabarmen. Izan ere, Grupo Nortek ordezkatu zuen Madres Mercedarias entitate erlijiosoa uztailean.
Berez, sindikatuak zabaldu du bi langile kaleratu dituela enpresa kudeatzaile berriak eta, horrez gain, hurrengo aldaketak ere eman direla.
Alde batetik, langileek kontratuz sinatuta duten lan baldintzak aldebakartasunez aldatu ditu Grupo Nortek. Ondorioz, astelehenetik ostiralerako kontratua duten beharginak asteburu eta 12 jai egunetan lan egitera behartu ditu.
Hori ez ezik, aplikagarri den enpresa paktua kontuan hartu barik, kontratazio berriei Espainiar Estatuko Hitzarmen Kolektiboa aplikatu zaie. Gauzak horrela, jardunaldi osoko langile batek 800 euroko soldata jasotzen du. Soldata eskala bikoitza horretan, lan berdina egiteagatik, jasotzen den diru kopuruan izugarrizko ezberdintasunak ematen direla nabarmendu du LABek.
Antzinatasun gehien duten eta subrogazioaren ondorioz, paktua halabeharrez aplikatu behar dieten langileei, diru publikoz ordaindutako kalte ordainak eskainita, enpresa uztera gonbidatzen dituzte, hauek betetzen dituzten postuak, langile “merkeez” betetzeko.
Horren aurrean, sindikatuak aldarrikatu du: "gure exijentziak argiak dira: langileen bizitza duina bermatuko dituzten lan baldintzak ezartzea, soldata eskala bikoitzak dakarren prekarietatearekin amaitzea, kaleratzeak deuseztatzea eta kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko pertsonal murrizketekin amaitzea."