“Emakume gazte asko daude txapelketan, eta oso indartsu datoz”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 7a, 11:00

Txikitan hasi zen Gentzane Alday Calonge pilotan jokatzen. / Jose Asensio Larrinaga (Copyright)

Emakume Master Cup txapelketan jokatzen ari da GENTZANE ALDAY CALONGE (Orozko, 1994) pilotaria. Norgehiagokaren zein eskupilotaren inguruan mintzatu da.

Emakume Master Cup txapelketan jokatzeari ekin diozue. Zer moduz?

Bai, iragan astean hasi zen. Izaskun Martin da nire bikotea. Bi partida jokatu ditugu, Galdakaon, eta biak irabazi ditugu.

Zeintzuk dira hurrengoak?

Hurrengo norgehiagokak Sodupen, Murgian eta Orozkon izango dira. Guri Orozkon jokatzea egokitu zaigu otsailaren 24an.

Txapelketa horretan aritzen zaren bigarren aldia da. Zer helburu dituzu aurtengo edizioari begira?

Nire bikotea nire neskalaguna da, eta niregatik hasi zen pilotan. Iazko edizioan guztiz hasiberria zen bera, hilabete eta erdi zeraman jokatzen. Horregatik, iazko aukerak ez ziren oso handiak, baina oso ondo egin genuela esango nuke, final laurdenetara iritsi baikinen. Zortzi bikote onenen artean sartu ginen. Esperientzia polita izan zen.

 

“Orozkon ni nintzen pilota praktikatzen zuen neska bakarra”

 

Urtebetean nire bikoteak asko hobetu du, baina hasiberria da oraindik. Horregatik, gure aukerak oraindik ez dira oso handiak, baina irabaztera aterako gara beti. Iaz baino apur bat hobeto egiten saiatuko gara.

Zer nolako maila dago jokalarien artean?

Alde handia dago. Lehen faseetan hasiberri asko daude, baina kanporaketak igaro ahala gero eta altuagoa da maila, normala denez. Jende gazte asko dago, eta oso indartsu datoz. Iaz jokatu zutenak ere maila altua dute, Azpeitia eta antzeko herrietatik datozenak, batez ere.



Noiztik zabiltza pilotaren munduan sartuta?

Ni Orozkokoa naiz eta bertan ez dago gauza askorik egiteko. Frontoia eta futbol-zelaia genituen, besterik ez. Nik bi gauzak egiten nituen: futbola eta eskupilota. Gero heldu zen une bat, 12 urte inguru nituela, zeinetan mutilek sekulako indarra hartzen hasi ziren, eta emakumeekiko aldea asko handitzen hasi zen. Orozkon ni nintzen pilota praktikatzen zuen neska bakarra, eta garai hartan ez zegoen palan aritzeko aukerarik. Horregatik, pilota utzi nuen eta futbolean aritu nintzen hainbat urtetan.

Orain dela urtebete Xakerren hasi nintzen lanean, eta bertako zuzendaria Emakume Master Cupeko zuzendaria ere bada. Berak animatu ninduen berriz eskupilotan aritzera, eta horrela ekin nion berriz.

 

“Emakumeen kirolean normalean gertatzen dena da neska gehienak ez daudela fisikoki ondo. Emakume jaiotzea plurienplegatu jaiotzea da”

 


Orozkoko emakume pilotari bakarra izaten jarraitzen duzu?

Nik uste dut badaudela emakume pilotariak, baina pala jokatzeko aukera soilik dutenez ez, dira eskupilotan aritzen. Izaskun eta ni Gernikaraino joan behar gara entrenatzera. Nik ikasi egiten dut goizez eta lan egin, aldiz, arratsaldez. Gauzak hala, saiatu egiten gara astean behin Gernikara joaten eta beste behin Orozkoko frontoian pilotakada batzuk ematen.

Pala jokalarien harrobi handia sortu da Orozkon.

Bai. Nire garaian ez  zegoen palan aritzeko aukerarik. Orain badago, eta palista ugari daude. Baina iaz saiatu ginen Orozkon eskuz entrenatzen eta klubera joan ginenean esan ziguten ez geneukala horretarako aukerarik. Frontoira lagunartean joateko esan ziguten. Horregatik uste dut baietz, pala sustatu egin dutela eta, ondorioz, sekulako harrobia dagoela. Baina eskupilota ez dute sartuko, ez  zaielako interesatzen. Aukera emango balute ziur nago palista bat baino gehiago eskupilotara igaroko litzatekeela.

Behin Master Cupa amaituta, baduzu beste erronkaren bati heltzeko asmorik?

Norgehiagoka honen ostean hurrengo txapelketa serioa Eskuz Banakako Emakume Master Cupa izango da, irailean hasten da. Ordura arte erakustaldiak egingo ditugu bikoteka, hainbat herrietatik deitzen baitigute udan, nesken pilota apur bat modan jarri delako eta udalei ere burua apur bat zuritzeko balio dielako. Lagunarteko partidak dira, erakustaldiak. 15-20 inguru egin nituen iaz.



Zuretzat zer da garrantzitsuena pilotan jokatzerako orduan?

Emakumeen kirolean normalean gertatzen dena da neska gehienak ez daudela fisikoki ondo. Emakume jaiotzea plurienpleguarekin jaiotzea da. Hamar mila gauza egiten ditugu batera: lan egin, ikasi, ama izan, pilotan jokatu... azkenean gorputzak ez dizu denerako ematen. Pilotan zein futbolean nik ikusi dudana da fisikoki ondo dagoenak askoz probabilitate gehiago dituela aurrera egiteko.

Argi dago frontoian ezaugarririk  handiena bi eskuekin kolpe ona izatea dela, eta dejadak ere bi eskuekin egin ahal badituzu, askoz hobe. Errealitate bat da heltzen dela une bat zeinetan mutilak neskek baino indar gehiago izatera iristen diren, kirol guztietan gertatzen da hori. Horregatik izaten dute emakumezkoek liga bat eta gizonezkoek beste bat. Baina aukerak anitzak eta berdinak izan behar dira guztientzat.

Nire bikoteak eta nik gauza asko egiten ditugu. Gogoko dugu korrika egitea, martxoan maratoi erdia egitera joango gara Parisera. Dena konbinatzen saiatzen gara. Ez dugu helburu handirik markatzen, baina badugu jarraitzeko asmoa. Aurten ezin badugu Master Cup-a irabazi datorren urtean berriro ahaleginduko gara.

 

“Federazioek emakumeen ligak osatu beharko lituzkete”


 
Aiaraldean agian ez, baina beste batzuetan harrobia badagoela aipatu duzu.

Orain Emakume Master Cup-a dago eta telebistan ere jarraipena egiten ari diete emakume pilotariei. Nolabaiteko “boom” bat ekarri du horrek, jende asko igo da gurdira.

Larrabetzun eman zituzten lehen pausoak, Txokoan Emakume Pilotarien Elkartea sortuta. Azpeitian beste talde bat eratu zen gero eta hortik tiraka sortu zen Emakume Master Cup-a. Horrek zeresana sortu du komunikabideetan eta harrobiak sortu dira. Nik uste dut neska pilotariak beti egon direla.

Ni pentsatzen nuen pilotari bakarra nintzela munduan, baina duela urte eta erdi konturatu naiz Euskal Herrian ehun pilotari baino gehiago daudela eta horietako asko maila handia dutela, gainera.

Nik uste dut emakumezkoen partidak herrietan “egin behar direlako” egiten direla. Hau da, emakumeen kirola sustatzen da lege bat dagoelako esaten duena emakumeen berdintasuna egon behar duela. Ez da sustatzen berez jendeak emakumeen kirola ikusten eta kontsumitzen duelako.

Alde horretatik, uste dut “klik” bat falta dela. Ez dakit heziketan edo non eman beharko litzatekeen, baina buelta apur bat eman behar zaio, txiki-txikitatik sustatuta eta aukera emanda kirola praktikatzeko. Nik ez nuen pilotan jarraitzeko aukerarik izan. Orain harritxo bat jarri dugu bidean eta belaunaldi berriek badute jokatzeko aukera.

Ez dago emakumeen liga publikorik. Emakume Master Cup-a enpresa pribatu batek sortutako egitasmoa da. Badaude ligaxka txikiak, baina guztiz pribatuak dira baita ere. Nik uste federazioek liga bat osatu beharko luketela, gazteek behintzat jokatzeko aukera izan dezaten.

Zer ematen dizu eskupilotak beste kirol batek ematen ez dizuna?

Ni frontoian hazi naiz, eta oso gogoko dut partidetan sortzen den giro sano eta euskalduna. Futbolean harmailetako giroa oso toxikoa da. Frontoian, aldiz, guztiz ezberdina da. Dena dira animoak eta errespetua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide