Adieko udal gobernu taldeak herritarren partaidetza arautzeko ordenantza proposamena eraman zuen udalbatzara asteartean. Zinegotziek adierazi zutenez, parte hartzearen esparruan azken 8 urteetan eman diren urratsak txertatu nahi dituzte udal jardueran, eta horretarako ezinbestekoa da ordenantza.
Talde independenteen bozekin eta EH Bilduren babesarekin egin zuen aurrera ekimenak. Koalizio independentistak nabarmendu zuen herritarren parte hartzea sustatzeko modu gehiago daudela eta Laudion zein hainbat herritan hori bistakoa dela. Hala ere, positibotzat jo zuen ordenantza eta eskatu zuen gardentasunean ere hobekuntzak egitea.
EAJ, ordea, abstenitu egin zen. Jeltzaleen ustez, etorkizuneko udal gobernu taldeen jarduera baldintzatuko du ordenantzak. Halaber, EAJk argitu zuen bere botoa alda daitekeela, behin betiko testua bozkatzen denean. Izan ere, momentuz, helegiteak aurkezteko epea ireki dute.
Ordenantza
Udalbatzan onartutako testuak jasotzen du, besteak beste, legealdi hasieran parte hartzerako batzordea sortu beharra dagoela. Zentzu berean, sail horri dagokion diru kopurua arautzen du, herritarrek bere proposamenak helarazi diezaieten udalari hurrengo aurrekontuetan sartzeko.
Horrez gain, arauak sortzean herritarren iritziak nola jaso behar diren aipatzen du ordenantzak. Testuak hainbat praktika zein erakunde aitortzen ditu: auzo batzarrak, auzo kontseiluak, jai batzordeak edota Antolinzaleak eta Erdu elkarteak. Espazio publikoa hobetzeko, berritzeko eta egokitzeko taldea ere aintzat hartzen du. Izan ere, Zubiaur Plazara ekimenak inguru horren aldaketa prestatu du udal teknikarien aholkularitzarekin.
Gardentasunak ere tartea izan du ordenantzan. Esaterako, udalaren web atariaren etengabeko eguneraketa, sare sozialak, Orozko Gaur aldizkaria eta Induma informazio puntua aipatzen dira.