Osasun zentroa, udal baratzak eta Tubos Reunidos izan ziren udalbatzako gai nagusi

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mar. 14a, 08:04

Asteartean izan zen martxoko bilkura. / Orozkoko Udala

10 urterako behintzat izango da anbulatorioko lokala udalarena. Udal ortuen araudian moldaketa bakanak egin dituzte. Tubos Reunidoseko langileei buruzko mozioa eztabaidatu zuten ere.

Orozkoko osasun zentroan obrak egiteko proposamena aurkeztu zuten udalbatzan, besteak beste. "Notariotzan obra amaierako ziurtagiria onartzeko da", azaldu zuen Josu San Pedro alkateak. Hala, datozen 10 urteetan lokala udalarena izatera igaroko da, alderdi guztiak alde agertu baitziren.

Udal baratzen araudia ere izan zuten hizpide. Rakel Olabarria zinegotziaren hitzetan, zenbait aldaketa egingo dituzte, "ortuen erabiltzaileek eskatuta, urtean behin traktorea pasatu ahalko da". Izan ere, lur sailak harriak ditu tarteka. Horrez gain, aukera dagoenean belar makina pasatzeko konpromisoa hartu zuen tokiko erakundeak. 

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionalari eman zioten bide segidan. Erregu eta galderen atalean, EAJk Zaloa auzoko txakurren afera eraman zuen udalbatzara, herritarren kexak medio: "Ikertu eta zigor sistema ezartzeko neurriak abian jarri dira? Zein da instruktore edo arduraduna? Zigor sistema abian badago, zergatik ez dira egin?".

Alkateak Zaloa auzoko arazoen berririk ez duela aipatu zuen, "Uribiarten bai. Uztaileko salaketak erantzun ziren, aguazila joan zen, baina espediente zigortzaileak ezartzeko ez genuen motiborik aurkitu". Zentzu horretan, huts egitearen arabera ardura erakunde ezberdinena dela argitu zuen alkateak, "larriak direnean Aldundiarena da eskumena, bestela udalarena".

Tubos Reunidosi buruzko mozioa
Tubos Reunidoseko langileen aldeko mozioa izan zen gai korapilatsuena, EH Bilduk aurkeztua, LABen izenean.

Beharginen aldi baterako enplegu erregulazioa izan zuten hizpide. Finean, 16 hilabeteko iraupena izango duen erregulazioa arbuiatzeko eskatu zieten alderdiei, "Amurrioko lantegiaren geroaren alde egiteko bideragarritasun plana aurkeztea".

EAJk mozioari emendakina erantsi zion, 2014tik honako bilakaera aipatuta: "Orozkoko udalbatzak Tubos Reunidosi eskatu behar dio ahalik eta neurri ez traumatikoenak hartzeko, akordioa alde sozialarekin bilatu behar da".  

Adiek langileei elkartasuna helarazi zien, "orozkoar kaltetuenei, batez ere, ezer egin gabe geratzea da neurririk txarrena". Orozkoko Udalak ez dituela enpresaren zenbait aspektu ezagutzen argudiatuta, abstenitu egin zen Adie. EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAJk abstentzioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide