San Juan Donibaneko elizaren ondare historikoa berreskuratzeko plataforma sortu dute

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko api. 30a, 07:20
Donibane eliza konpontzeko zenbait bilera egin ditu plataformak dagoeneko. / Aiaraldea.eus

SOS Donibane plataforma eratu dute, elizaren garrantzia historiko eta kulturala aitortzeko. Sinadura bilketa abiatu dute eraikina konpontzeko konpromisoak eskatzeko.

Ondarea mantentzeko SOS San Juan plataforma sortu dute Orozkon. Juanjo Hidalgo kideak adierazi duenez, ez da eragile ofiziala, giza taldea baizik: "Ondarea beti dago arriskuan. Erne egon behar dugu. Donibane izeneko eliza zutik egotea nahi dugu, ez etzanda. Ezin gara beste alde batera begira egon, gauzak kolapsatu bitartean".

Garrantzia historikoa
XII. mendean eraiki zen Donibaneko lehenbiziko eliza, XVI. mendean eraikinaren gainean altxatu baitzuten bigarrena; hots, egun ikusgai dagoena. Barnealdean 133 sepultura eta 2 hilobi ditu. 1997an izendatu zuten gune arkeologiko. I.Gerra Karlistan militarren erietxea izan zen. Dokumentuen arabera, 1835-1838 artean soldadu ugari lurperatu zituzten bertan.

Ondarea arriskuan
Elizaren teilatua duela zenbait urte hasi zen erortzen, eta azken neguan zati handi bat hondatu zen. "Hormak zorionez mantentzen dira, baina teilatu zati batzuk kanpoaldera erori ziren, eta bi autoren istripua eragin zuten, pertsonak zauritu ez arren". Egoeraren aurrean Orozkoko Udalera jo zuten, eta elizarekin harremanetan jarri da tokiko erakundea, "eraikina konpondu edo botatzeko". Hidalgoren esanetan, mantendu egin beharko litzateke: "Gu horren alde gaude, baina Orozkon jendea ez dago batere animatuta. Eliza erlijioarekin erlazionatzen da, eta ez dira urte onak eurentzat".

Bizkaiko Apeztegia eraikina berreskuratzearen alde azaldu da: teilatua berritu eta hormak sendotzeko asmoa agertu dute. Arazoa, baina, ekonomikoa da, "ez dute horrenbeste diru likidorik". Hori dela eta, Juanjo Hidalgorekin jarri ziren harremanetan, eta horregatik sortu dute plataforma. 280.000 euro inguru balioko luke edifizioa atontzeak; hots, teilatu eta horma finkatzeak: "Aurrekontua egina dago: dirua da, baina ez da dirutza. 100.000€ inbertitzeko aukera aipatu du elizak, baina Orozkoko Udalak ezin du. Aldundiak lagundu beharko luke".

Norentzat konpondu, ordea, eraikina? Elizaren eraikina izan arren jabetza pribatutik publikora igarotzeko apustua egin dute, beste erabilera batzuk emateko. Plataformako kideek horietako batzuk aurreratu dituzte: kultura, artea eta arkeologiarekin lotuta.

"Sei elizateen arteko bat da Donibane, Zubiaur herriguneari dagokiona, beti izan da inportanteena. Bertan egon da lurperatuta orozkoarren erdia, XVI.mendeko eliza da, 400-500 urte ditu", argitu du Hidalgok. Indusketa arkeologikoa ezinbestekotzat jo du adituak, beste eliza batzuen arrastoak lurpean daudelakoan: "Erabilera pentsatu beharko dugu, baina ondarea salbatu behar da, XIII. mendean sortutakoa baita".

Sinadura bilketa
Konpromisoak hartzeko sinadura bilketa jarri dute abian herrian. Orozkoko tabernetan dago atxikimendua emateko aukera, orri bat beteta. Oihartzun handiagoa lortzeko helburuarekin, plataformak ez du baztertu internet bidezko babes bilketa. Aurrera begirako asmoez galdetuta, maiatzean Bizkaiko Diputazioko arduradunekin bilduko direla jakinarazi dute, irtenbidea bilatzeko iturri ekonomikoak lortze aldera.

Aukerez bezala, arriskuez mintzo da Hidalgo: "Lortzen ez badugu kontrakoa gertatuko da; berez eroriko da". Bizkaiko Apeztegiak eraisteko agindua emango balu, bide merkeena hautatuko luketela uste du plataformak, "teilatua eta goialdearen herena botatzea, eta aztarna guztiak eramango lituzkete, betirako ezkutatuz ondarea, kultura eta historia". Haatik, azpimarratu du ondarea babestearen garrantzia: "Guk mantentzen ez badugu kanpotik ez da etorriko inor gurea zaintzera".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide