Ezker Pareta txapelketaren hirugarren edizioan izena emateko epea ireki dute

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 13a, 07:00

Plazako frontoian jokatuko dira partidu guztiak. / Orozkoko Gazte Asanblada

Hiru baldintza bete behar dira parte hartzeko: 16 urte baino gehiago izatea, bikotekideetako bat gutxienez orozkokoa izatea  eta federatu bakarra egotea.

Abian dago Orozkoko Ezker Pareta eskupilota txapelketa herrikoiaren hirugarren edizioa. Izena emateko epea ireki dute dagoeneko. Maiatzaren 26a izango da inskribatzeko azken eguna. Bikoteek Arrugaetan, Itxinan edo Jentilzulo kulturgunean eman beharko dute izena, 20 euro ordainduta. Hiru baldintza bete beharko dituzte parte hartzaileek: 16 urte baino gehiago izatea, bikotekideetako bat gutxienez orozkokoa izatea  eta federatu bakarra egotea.

Orozkoko plazako frontoian jokatuko dira partidu guztiak ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan.

Aspaldiko ekimena
Orozkoko Gazte Asanbladak antolatzen du norgehiagoka. Ibilbide laburra du ekimena, baina txapelketa herrikoia egitearen ohitura aspalditik dator, asanbladako kideek gogorarazi dutenez. “Orozkon eskupilota txapelketa herrikoia egiten zen”, azaldu dute, “herrian eskupilotarekiko zaletasun handia dagoenez arrakasta handia zuen txapelketak eta frontoia beti jendez gainezka egoten zen”. Horregatik erabaki zuten antolatzaileek txapelketa antolatzeari berriz ekitea, frontoiari “bizitza” emateko eta  “eskupilota zale zaharrei” jolasteko aukera emateko.

Ekimenak geroz eta arrakasta handiagoa du, gazte asanbladako kideen hitzetan. “Gainera, bikote bakoitzean gutxienez herritar bat egon behar denez eta denon artean elkar ezagutzen dutenez euren artean pikeak sortzen dira eta horrek partidak interesgarriagoak izatea eragiten du”.

Nabarmendu dutenez, herriko hainbat taberna eta saltokiren babesa jasotzen dute ekimena aurrera ateratzeko. Horrez gain, tokiko rpoduktuen saski bat zozketatzen dute. “Finalaren egunean, Orozkoko jaietan, egiten da zozketa”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide