Dena prest Orozkorock jaialdiaren lehen ediziorako

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 17a, 12:00
Moonshakers taldeak joko du jaialdian, besteak beste. / Dena Flows

Bihar -maiatzak 18- egingo da jaialdiaren lehen edizioa. Zortzi talde arituko dira oholtza gainean. Argazki erakusketa ere atondu dute.

Bihar -maiatzak 18- egingo da Orozkorock jaialdiaren lehen edizioa. Zortzi talde igoko dira guztira oholtzara: Atom Rhumba, The Wizards, Eskean Kristo, Fetitxe, Moonshine Wagon, Pelax, Moonshakers eta Liher. 15:30ean irekiko dituzte kontzertuen guneko ateak. “Foodtruck” eta “merchandising” txokoak ere atonduko dituzte. Horrez gain, autobus zerbitzua eskainiko dute Orozkotik Laudiora itzultzeko, goizeko ordubietatik aurrera.

Sarrerek 18 euro balio dute lehiatilan eskuratuz gero (aurretik erosteko epea igaro da dagoeneko). Iragan astean plazaratu zituzten jaialdiaren abesti eta bideoklip ofizialak. Errotik orroa da kantaren izena eta Fetitxe taldeak sortu du, Liher taldeko Lide Hernandoren kolaborazioarekin. Orozkoko hainbat bizilagunek hartu dute parte bideokliparen grabaketan.

Argazki erakusketa
Larunbateko kontzertu maratoia ez da izango Orozkorockeko kideek antolatuko duten jarduera bakarra. Koldo Izagirre argazkilariaren erakusketa kokatu dute Orozkoko Museoan, igandera arte ikusgai egongo dena, ondorengo ordutegian: Ostiral eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta  17:00etatik 19:00etara, eta igandean 10:00etatik 14:00etara.

Iragan abenduan aurkeztu zuten Orozkorock jaialdia eta izen bereko elkartea. “Rock&rolla komunitatean gozatu arazteko asmoz” sortu zuten elkartea, aurkezpenean azaldu zutenez. Horretarako antolatu dute jaialdia, baina “musikarekin erlazionatutako jarduera gehiago” egiteko asmoa dute etorkizunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide