Bizkaia Cup etxera, pala kalera

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko eka. 3a, 07:00
Hainbat adinetako kirolariak daude pala taldean. / Aiaraldea.eus

Udane Iturbe (Orozko, 2001), Izaskun Solatxi (Luiaondo, 2001), Nerea Isusi (Orozko, 1998) eta Andere Canales (Orozko, 1999) izan dira Bizkaia Cup pala txapelketako finalistak. 30-12 nagusitu zen Iturbe-Canales bikotea.

Nolako zura, halako pala. Denboraldi eta harrobi oparoa dute Orozkoko Olgetan elkarteko pala jokalariek. Bizkaia Cup txapelketatik garaipena ekarri dute etxera, ez edonola gainera: finaleko bi bikoteak talde orozkoarrekoak izan ziren. Iturbe-Canales gailendu ziren Isusi-Solatxiren aurka, 30-12 mendean hartuta. Alabaina, aurkari baino lagun sentitu zirela diote. 6-7 partida jolastuta sailkatu ziren azken txanpara, “denok denon kontra jokatu genuen, eta puntu gehien bildu zituzten bikoteen artean izan zen finala”. Zallan izan zen txapeldunak erabakitzeko azken norgehiagoka, “7-8 bikotek hartu genuen parte”.

Guztira, Orozkoko hiru bikote aurkeztu ziren. Marka polita orozkoarrentzat: aiaraldearrak izan dira ia erdia. Iturbe-Canalesentzat ondo joan zen finala; Isusi-Solatxirentzat, aldiz, txarto, "oso urduri geunden”. Edoxelan ere, emaitzarekin baino, giroarekin geratzen dira. Ez da kasualitatea, gainera. Olgetan elkartean jende ugari ari da palan entrenatzen: “Txikien taldean 8 urtekoak daude, eta gu gara nagusienak, 21 urtekoak”. Genero aldetik, ez-ohiko argazkia du klubak, neskak baitira guztiak: “Mutilek eskupilotan jokatzen dute. Batzuk palan hasi ziren, baina utzi egin dute”.

Denboraldi borobila
Bizkaiko txapelketarekin ekin zioten pala denboraldiari. Udarrian Bizkaia Cup-ean aritu dira, eta orain bi lehiaketa dituzte esku artean. Batetik, Hiru Erregeen Txapelketa: "Gatika, Bakio, Sopela… aldean antolatzen dutena da”. Eta, bestetik, Orozkokoa. Ekimenik kuttunena, baina, herriko txapelketa dela diote laurek, “etxean beti egoten gara gustura”. Zalegoari buruz galdetuta, pixkanaka gora doala nabaritu dute: “Geroz eta gehiago etortzen dira partidak ikustera, baina ez dira asko”. Plazako frontoian izaten dira Orozkoko txapelketako partidak, eta gainontzekoak kirolegian. Izan ere, pala jardueretarako motz geratzen zaie herriguneko kantxa.
Aurrera begira, jolasten jarraitzea eta ondo pasatzea dute erronkatzat. “Amurrion ere badaude pala jokalariak, baina Arabako ligetan dabiltza”. Izaskun Solatxi, esaterako, Amurrion hasi zen. “Araban gehienak mutilak dira, horregatik pasatu nintzen Bizkaira, Orozkora”, dio luiaondoarrak.

Zer da garrantzitsuena palan? Bat datoz laurak erantzunean: burua. “Burua galtzen duzunean partidaren kontrola galtzen duzu, markagailuari buelta eman ezin diozula sinesteraino”.

Harrobia, sendo
Orozkoko neska gazteek ireki diote emakumezkoen palari bidea. Sendo dator harrobia: eskola kiroletan lehiatzen dabiltza taldeko neskatila gazteenak. “Guk bezala umeek aurrera egitea nahi dugu, 16 urtetik aurrera federatuen mailan aritzeko”.

Faborito edo erreferenterik ezak ez die bidea oztopatu. Nerea Isusik etxetik hartu du eredua: "Aita eta osaba pala jokalari profesionalak izan ziren. Hortik jaso nuen nik zaletasuna”. Hain zuzen, Isusitarrek sortu zuten pala eskola, eta horrela batu ziren lau gazteak. Etorkizunaz galdetuta, belaunaldi berriek jarraitzea nahiko lukete, “baita guk ere”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide