Orozkorock: "Egindakoak urrats handiagoak emateko balio digu"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko eka. 4a, 08:51
Maiatzaren 18an izan zen Orozkorockeko lehen edizioa. / Aiaraldea.eus

Positiboki baloratu dute antolatzaileek aurtengo edizioa. Hurrengo urteko festibala prestatzen hasiko dira laster, aurreratu dutenez.

Maiatzaren 18an izan zen Orozkorock jaialdiko lehen edizioa. Arratsaldetik goizaldera arte antolatu zituzten kontzertuak, orotara 8 talde taularatuta. "Ez dakigu hitz hauekin lortuko dugun behar bezala adieraztea zuenganako gure esker ona, egindako lan eskergagatik. Elkarlanean eraiki dugun Orozkorock jaialdiko lehengo edizioaren emaitza txalotzekoa izan delako. Indartsu eta gogoz abiatu garelako abentura berri honetan", adierazi dute.

Balorazioa osatzeko orduan, auzolanean aritu ziren boluntario guztiak izan dituzte gogoan, "bakoitzak eman duen apurrak osatu baitu Orozkorock".

Musika taldeenganako arreta eskertu diete Batasuna eta Egileor taldeei, eta baliabide andana eskura jartzea Orozkoko Gazte Asanbladari eta Udalari.

Sare sozialetan musika talde eta kolaboratzaile guztiei itzuli diete mezua: "MoonShakers Band​, jaialdia indar eta giro onaz hasteagatik. Emakume gehiago nahi ditugulako oholtza gainean!. Pelax, zuen musika berezi eta itsasoaz bestaldeko influentzia Orozko herrira ekartzeagatik. Fetitxe, jaialdiaren orroa eta erroa izateagatik, zuen denborarekin herriaren irudi eta melodia izan zaretelako. Liher​, zuen soinu lurrikarek pizti guztiak suntsitzeko indarra daukatelako. The Wizards​, zuen heavy metal doinuekin jendea aho zabalik uzteagatik. Eskean Kristö​, zuen erritmo dantzagarriekin euria arazo ez zela sentiarazteagatik. Atom Rhumba​, rock doinuz bustitako kilometroek ez dutelako zuen motorra hausten. Moonshine Wagon​, lagun ezagunak baino gehiago zaretelako... If we continue this way someday we gonna die!". Topatu eta Aiaraldea hedabideei ere eman diete eskerrak, "jaialdia lau haizetara ezagutarazten laguntzeagatik".

Ondorio gisa, hobetzeko asko dagoela aitortu dute, "baina ez dugu dudarik, egindakoak urrats handiagoak emateko balioko digu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide