Biharko udal osoko bilkuran onartuko dute Orozkoko Udalaren funtzionamendu berria; eta Adie taldeak -gehiengoa izango duenak- aurreratu du hainbat neurri gauzatuko dituela, udalaren jarduera gardenagoa izan dadin.
Besteak beste, Udal Gobernu Batzordeko batzarrak irekiak izango dira eta ez horiek bakarrik, batzorde informatiboetan ere aukera hori egongo da. Pedro Mari Intxaurraga alkateak adierazi duenez, “hemendik aurrera batzorde informatiboak ere irekiak egin gura ditugu eta plenoetan ‘Herritarren txanda’ izenekoa ezarriko dugu, herritarrek gai-ordenan dauden puntuen inguruan parte hartu ahal dezaten”.
Ardura banaketari dagokionez, udala 6 ataletan zatituko dute, baina bat zeharkakoa izango da, koordinazioa areagotzeko.
Udal Gobernu Batzordeari dagokionez, nolakotasuna argitu du Adiek: “Alkateak eta batzorde buruek osatuko dute eta bere lehenengo zeregina gobernu plana egitea izango da, hau da, hurrengo lau urteetarako udalerri-proiektuaren diseinua, legealdian garatu gura diren estrategiak zehazten dituena. Horren bidez, udal-lanak arrazionalizatuko dira. Horrela, herritarrek zein udal-langileek lan ildoak ezagutuko dituzte”.