Aida Iza Fuentes: "Amari eskaintzen diot Euskadiko Urrezko Mamiaren saria"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko uzt. 10a, 07:32

Euskadiko Urrezko Mamiaren saria eman diote Iza okindegiari. Aida Iza Fuentesek, "aje emozionala" igarota, bere talde eta familiari eskaini dio ibilbidearen aitortza.

Iragan astean izan zen sari banaketa. Euskadiko ogirik onenak hautatu zituen epaimahaiak, horien artean zegoen Izakoena. "Aje emozionala igaro ostean, prest nago kontatzeko zeinen zoriontsu sentitzen naizen", kontatu du sare sozialetan Aida Iza Fuentesek. Horrez gain, finalera iritsitako ekoizle guztiak zoriondu ditu: Gasteizko Artepan, Black Bread Maker Berteiz, Mendiondo ogitegia eta Roberto Fernandez de Crosta. "Izugarri miresten ditudan profesionalak dira", erantsi du. 

Ekimenaren harira, mota honetako ekimenen garrantzia azpimarratu du, "ogi onaren eta ongizatearen kultura sustatzen dutelako". Dena den, nabarmendu du horrelako ezer ez litzatekeela posible izango bere taldea gabe: "Aitak animoak eta baikortasuna eman dizkit beti. Baina, batez ere, amari eskertu behar diot sakrifizioaren, ahaleginaren, pasioaren eta pazientziaren esanahia. Amari eskaintzen diot saria, zure amets eta proiektuengatik borrokatzeagatik etsi gabe, beti ezaugarritzen zintuen bake horrekin". Familiako beste zenbait kide ere izan ditu gogoan: "Jose Migel osaba eta Marcelo aitona kasu, bere garaian honelako lanbide noble eta umilaren alde apustu egiteagatik, ogi artisaua izatea erabaki baitzuen". 

Izaren arabera, guzti horien indarragatik iritsi da egun dagoen tokira. Aurrera begirako erronkez galdetuta, borrokan, ikasten eta ilusio askorekin jarraitzea espero du: "Oso indartsu nago. Gora zuek eta ogi osasuntsua!". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide