Orozkoko Gizarte Etxeari oso gutxi geratzen zaio errealitate bilakatzeko. Uztailean amaituko dituzte Zubieta kaleko 5. zenbakiko eraikina (orain arte udal brigadak baliatzen zuena) egokitzeko obrak. Zoruak, klimatizazio sistema eta igogailuak jartzen ari dira, besteak beste. Jarraian, kanpoko fatxada berritzeko lanak gauzatuko dituzte.
Kulturari lotutako hainbat azpiegitura izango ditu Gizarte Etxeak, aurreratu dutenez: musika taldeentzako bi entsegu-gela, ludoteka eta gaztetxokoa egongo dira, besteak beste. Lehen solairuan aldiz, aldagelak, udal-liburutegia, ordenagailuen gela eta ikasketarako txokoa egongo dira. Kanpoaldean ere espazio bat egokituko dute, umeentzako jokoekin, irakurtzeko hainbat mahaiekin eta karpa batekin.
475.000 euro baliatuko dituzte aipatutako lan guztiak egiteko.