“Orozkoarrek ordaindu beharko dituzte Zubiaur Eraikuntzaken auziko EAJko inputatuen abokatuen 44.000 euroko gastuak”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 16a, 11:47

2007an izan zen lehiaketaren aferaren hasiera. / Aiaraldea.eus

Zubiaur Eraikuntzako kontseilarien abokatua ordaindu beharko du Orozkoko Udalak, garai hartan zinegotzi zirelako. Adiek prentsa oharrean salatu ditu auziaren gorabeherak eta ondorioak.

Behin-behinean artxibatu egin dute Zubiaur Eraikuntzakeko auzia. Inputatutako Kontseiluko kideak zinegotzi zirela eta, udalak ordaindu beharko ditu euren abokatuen gastuak.

Adiek adierazi duenez, 44.274,44 euro horiek ezin izango dituzte Orozko hobetzen inbertitu. Epaiketaren nondik norakoak eta ondorioak azaldu dituzte prentsa oharrean: “Izan ere, epaileak “delitu arrastoak” ikusi zituen orduko EAJ eta Bilduko kontseilariek lehiaketa publikoa manipulatzen saiatzeagatik, eta ikertuak izateko agindua eman zuen”.

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak artxibatu egin zuen kasua, froga nahikorik ez zegoelako. Absolbitzearen ondorioz, EAJko bi kontseilariek defentsa abokatuan gastatutako 44.274,44 euroak eskatu zizkion udalari. “Adien ez genuen inola ere onartu Orozkok ordaintzea herriaren kontra zihoazen jarrera irregularretatik defendatzeko zerbitzua. Gainera, ez zituen udalak salatu, epaile batek egin zuen, euren ekintzetan delitu arrasto larriak ikusi zituenean”, erantsi dute. 

Zubiaur Eraikuntzak-eko lehiaketan puntu gehien lortu zituen enpresaren gerentzia kontratua oztopatu zuten EAJk eta EH Bilduk, Adieren iritziz, esleitzearen kontra bozkatuta.

Hala zehazten du 2014ko uztaileko Administrazioarekiko Auziaren Epaitegiko sententziak, Adieren aburuz: “Elkarteko gehiengoa osatzen zuten 3 kontseilarien balizko delitua ikertzeko agindu zuen, eta instrukzio epaileak delituak handitu zituen; ondorioz, hirurak inputatu zituzten fondoak bidegabe erabili eta prebarikazioagatik; Zubiaur Eraikuntzak-eko gerentea zenarekin batera”.

Orozkoko Udalak auzipetuen defentsa ordaintzeari uko egin ostean, “EAJko kontseilariek udala demandatu zuten, bakoitzak bere aldetik”.

Epaiketa horren ondorioz, udala 22.924,82€ ordaintzera derrigortu zuen lehenbiziko sententziak, eta bigarren auziaren ebazpenaren zain daude orain.

Dena dela, lehen kontseilariaren antzeko kopurua ordainaraziko dietela aurreikusi du udalak. Hala ere, zenbatekoa hazi liteke oraindik: “Bilduko kontseilariak sententzia ikusita udalari bere abokatu berberaren gastuak eskatu dizkio. Deigarria da abokatuak eskatzen zutena ikusita Bizkaiko Abokatuen Elkargora jo zuela, gehiegizkoa iruditu zitzaiolako, eta prezioa 7.652 eurora jaitsi zioten”.

Adieren ustez, lehiaketaren prozesu osoa EIBEX enpresak Zubiaur Eraikuntzak gestionatzen jarraitzeko bideratu zuten 2007an, sortutako pliegoak barne: “Gero, enpresa horrek puntuazio baxuena lortu zuela ikusita, lehiaketa geldiarazi zuten”.

Adie Administrazio Kontseilu horretatik kanpo dago.  “Epaile batek ere ez ditu errugabetzat jo, are gehiago, bide penaletik ikertzeko agindua eman zuen epaileak hiru kontseilarien kontra, euren zabarkeria agerian utziz. Epaile batek ere ez du kontrakoa esan, beraz, egin zuten zabarkeria frogatuta mantentzen da”.

Plataformaren ustez, “abokatu onak” izan dituztelako lortu dute “larrialditik ateratzea, lege amarruak erabilita”. Jeltzaleen abokatuek behin-behinean auzia artxibatzea lortu dute inputatuta zeudenean zinegotziak zirelako, Adieren aburuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide