Blas de Otero, heriotzaren 40. urtemugan bizi-bizi

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 22a, 16:23

Omenaldi ibiltaria egin zuten atzo Orozkon, Blas de Oteroren poemak eta bizitza ardatz hartuta. Jendetzak egin zuen bat ekimenarekin.

Blas de Oteroren idazluma ez da lehortu. Ez, behintzat, Orozkon. Horren adibide da atzo herriko Batasuna dantza taldearen eskutik antolatutako omenaldi ibiltaria. Duela 40 urte zendu zen poeta, eta horren aitzakiapean gogorarazi eta ezagutarazi zituzten idazleak Orozkori buruz idatzitako lanak, edota bertan izandako bizitza. Hain zuzen, bere gaztaroaren lekuko izan ziren, besteak beste, Txopera, frontoia edota plaza. Bost geldialditan ikuskizun andana eskaini zituzten.

Muñoz etxean abiatu zuten ibilaldia, bertan igarotzen baitzuen uda Blas de Oterok. Ondoren, Txoperara mugitu ziren, Rafa Muntion eta Agurtzane Intxaurragaren poema musikatuak entzuteko. Izaskun Villaverderen txirula izan zuten lagun, gainera. Horrez gain, Maialen Bilbaok dantzatu zuen.

Segidan San Anton iturrira joan ziren, Mirian Roman akordeoi jolearekin batera poemen irakurketarekin jarraitzera. Handik, frontoira jo zuten, “giharrak astintzera zihoan tokira”. Hala, Juantxu Uribarren eta Iker Iriondo aritu ziren pilotan, Orozkoko eskolako umeek Blas de Oteroren testua irakurri bitartean. Guzti hori Josu Amondarain eta Aitzol Basalduaren txalaparta hotsekin aurkeztu zioten herriari. Jarraian, Bertso Eskolako kideen txanda heldu zen.

Zubiaur plazan eman zioten amaiera ekitaldiari. Rafa Muntionek Orozko poema irakurri zuen, Luxia Socarrek Blas de Otero diskako kantu kuttunenak jo zituen, eta Agate Deuna abesbatzak zenbait abesti kantatu zituen.

Batasunako kideek eskerrak emanez bukatu zuten omenaldia, herritar eta eragile andana inplikatu baitzen 5 txokoen prestaketa eta antolakuntzan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide