EH Bilduko Zubiaur Eraikuntzakeko ordezkariak ere eskatuko dio udalari epaiketa gastuak ordaintzeko

Aitor Aspuru Saez 2019ko urr. 8a, 11:00

Zubiaur Eraikuntzak sozietatearen bidez eraikitako pisuetako bat. / Aiaraldea.eus

Zubiaur Eraikuntzak sozietateari lotutako epaiketa bukatu ostean, EH Bilduko ordezkariak ere exijituko dio Orozkoko Udalari bere gain hartzea abokatuaren gastuak, EAJko kideek egin bezala. Horrekin, 44.000 euroko kopurua gaindituko da.

EH Bilduk iragarri du ohar bidez Zubiaur Eraikuntzak sozietateko bere ordezkariak ere joko duela epaitegira Orozkoko Udalak ordaindu diezaizkion epaiketako gastuak. Izan ere, bera zein EAJko zinegotziak absolbitu zituen epaileak enpresa publiko horretan hartutako erabakiengatik.

EH Bilduk aipatu du hori dela eta tokiko erakundeak 44.000 euro baino gehiago ordaindu beharko dituela, bi kontseilariei kitatu behar zaiena bakarrik jasotzen baitu kopuru horrek. Koalizioak dirutza hori gastatzearen errua egotzi die Adie eta EAJren arteko liskarrei: "Zubiaur Eraikuntzak-eko auzian interes politiko zuzenak egon ziren".

Amaitzeko, EH Bilduk honakoa eskatu dio ADIEri: hiru auzipetuen eskaera entzun, epaiketak suposatu dituen ondorioekiko duen erantzukizuna bere egitea eta "ez ordaintzeko duen burugogortasunetik aldentzea".

EAJren adierazpenak
Bittor Olaguenaga EAJko arduradunak Aiaraldea hedabideari jakinarazi dionez, jadanik badute epaia, Udalak kontseiluari jeltzale bati ordaintzea behartzen duena. Bigarrena ere itxaroten ari dira.

Olaguenagaren iritziz, larritzekoa da Adieko udal gobernu taldearen ezezko jarrera, baina jeltzaleek bereziki kritikatu dute udal gobernu taldeak epaia ez betetzea: "Adiek herriko politika publikoa eta zenbait orozkoarren bizitza pribatua judizializatu du, eta ez du onartzen epaitegiaren erabakia".

EAJko buruak iragarri du kontseilariak babesten dituzten bi sententziak jaso eta gero, hausnarketa egin eta plazaratuko dutela. Hala ere, erantsi du dena ahazteko prest daudela alkateak barkamena eskatzen badie kide absolbituei, euren senideei, eta EAJ zein EH Bilduri.

Ildo beretik, Olaguenagak aurreratu du Orozkoko Udalak epaitegiko aginduak beteko dituela: "Azken udalbatzan kreditu aldaketa onartu zen aurrekontuetan gastu horiei aurre egiteko".

Adiek ez du iritzia aldatu
Edonola ere, udal gobernu taldeak hasierako iritzia mantentzen du: "Lehen epaian -gerentziako lehiaketa irabazi zuen enpresak jarritako salaketaren ondorioz- argi geratu zen hiru kontseilarien -2 EAJko eta 1 Bilduko- jarrera arguragabea izan zela".

Horrez gain, Adiek ukatu egin du berak hartu izana epaitegiko bidea: "Sententzia horren haritik epaileak hirurak bide penaletik inputatu zituen, euren jarreran balizko delitua ikusi zuelako. Ordutik hona epaile batek ere ez du kontrakoa esan, beraz, egin zuten zabarkeria frogatuta mantentzen da. Epaile batek ere ez du esan errugabeak direnik. Euren abokatuen amarruei esker libre geratu dira. Ez Udalak, ezta Adiek ere ez dituzte inoiz kontseilariak auzitegian salatu Orozkon eginiko irregulartasunak zirela eta".

Gauzak horrela, Adiek ez du gastuak ordaintzeko erabakia babestuko: "beti ezetz esango diogu irregulartasun horiengatik herriak euro bat bera ere ordaintzeari -ez bada epaile batek behartuta, jakina-. Uste dugu Orozkok nahikoa ordaindu duela euren kudeaketa txarragatik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide