Batzordeen funtzionamendua aldatzea proposatu du EH Bilduk, “udal ireki eta parte-hartzailea” bultzatzeko

Erredakzioa 2019ko urr. 16a, 07:00

EH Bilduko zinegotziak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Hiru neurri zehatz proposatu ditu koalizioak egoerari buelta emateko.

Orozkoko EH Bilduk proposamena tramitatu du udalean, tokiko erakundea “irekia eta parte hartzailea” izan dadin. “Herritarren parte-hartzea sustatzeko politiken beharra azpimarratu nahi dugu, izan ere, egungo batzorde informatiboetako eta Tokiko Gobernu Batzordeko funtzionamendua ez da parte-hartzailea”, azaldu du oposizioko taldeak. 

Hiru gabezi nagusi nabarmendu ditu koalizioak. Alde batetik, hitzorduak “ordu ez parte-hartzaileetan” egiten direla salatu dute. “Batzorde gehienak 8:00 eta 8:30ean hasten dira eta herritarrok oso aukera gutxi ditugu ordu hauetan udaletxera hurbiltzeko. Udala herritarron beharretara egokitu behar da, ez alderantziz”. Horrez gain, deialdiak modu egokian zabaltzen ez direla gaineratu dute EH Bilduko kideek: “Egun bat lehenago argitaratzen dira udal web-gunean eta aurreko egunean eskegitzen dira udaletxeko atean; deialdiak denboraz ez zabaltzeak herritarren parte-hartzean eragin zuzena duela jakinik”.

Horren ondorioz, parte hartzea txikia dela azpimarratu du talde politikoak: “zinegotzi eta teknikariez gain, ez da herritarrik hurbiltzen batzorde informatiboetara eta Tokiko Gobernu Batzordeetara”.

Gauzak hala, hiru neurri proposatu ditu koalizioak aipatutako arazoak konpontzeari begira:

  1. Batzordeak herritarrei egokitutako ordu parte-hartzaileetan egitea. Batzorde "irekiak" beranduago egitea proposatzen dugu; herritarroi parte-hartzeko aukerak eskainiz.
  2. Batzordeak egiteko egunak adostu eta hilabetero berdinak izatea. Udalbatzen kasuan bezala, batzordeak ere aurretik adostutako datetan egitea; herritarrentzako erreferenteak diren hitzorduak sortuz.
  3. Deialdiak behar bezala eta garaiz zabaltzea. Batzordeetako deialdiak herritarrei iristen zaiela ziurtatu eta lehenago zabaltzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide