Londresen bizi da Mikel Lazkano orozkoarra. Duela bi urte joan zen bertara, “mugak zabaldu” eta bere burua “desafiatzeko” helburuarekin. Moda munduan murgiltzea zuen Lazkanok helburu, hori izan baita bere betiko ametsa. “Arte ederrak ikasteko asmoa nuen, baina moda burutik kendu ezin nuenez Madrilera mugitu nintzen 17 urterekin Moda Diseinua ikasteko”, azaldu du orozkoarrak.
Londresera joatea izan zen bigarren pausoa: “Atzerrira joateak nire sustraiak nabarmentzen lagundu zidan, eta nire diskurtsoak sinistera bultzatu ninduen nolabait”. Atzerrira joateak hainbat oztopo dakartzala aitortu arren, oro har “nahiko zorte ona” izan duela uste du Lazkanok. Bere abizena marka bihurtu, eta jantzi bilduma propioak ekoizteari ekin zion. “Arreta handiz diseinatzen ditut 'Lazkano' osatzen duten jantziak. Linea sinpleak eta kolore neutroak baliatzen ditut, denboran zehar iraun dezaten”. Material iraunkorrak erabiltzen ditu lehengai moduan, eta material birziklatuak sortzeko “ikerketa aktiboan” murgilduta dago orain. “Gizontasun-eredu samurra proposatzen dut, jakituna, ingurumenaren hauskortasuna errespetatu eta kontsumo arduratsua sustatzen duena”.
Orozkoarra izateak badu eragina Lazkanoren sorkuntzetan, berak aitortu duenez. “Bizi-eredu motela dut oinarri, kontsumo abiadura garaikidea nolabait erantzuteko”. Londresen diseinatu arren, Bizkaian ekoizten ditu jantziak, “bertako kalitatea hobeezina delako”.
Bilduma berria
Berriki aurkeztu du orozkoarrak bere bilduma berria. “Babesari eta bakartzeari buruz hitz egiten du lan horrek. Etxeko barnealdeak hartu nituen inspirazio iturri. Kotoi mahai-zapiak, errezelak eta oihalez babestutako altzariak”, azaldu du diseinatzaileak, “sinbolo mundukoiak parez-pare jarri ditut janzkera erlijiosoarekin”. Bilduma hori ekoitzi eta saltzeari ekingo dio orain, "Bizkaian zein atzerrian". Ondoren, hurrengoa prestatzeari ekingo dio.