Filma laburren rallya egingo dute Orozkon

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 4a, 07:00
Filma laburren lehiaketaren bigarren edizioa hartutako irudia. / Supelaur K.E

Azaroaren 30ean egingo dute rallya, ohiko filma laburren lehiaketarekin batera.

Abian dago Orozkoko Laburmetrai Lehiaketaren IV. edizioa. Aurtengo edizioa berezia izango da, “rallya” antolatuko baitute azaroaren 30ean. Parte hartzaileek goizeko bederatzietan eman beharko dute izena Supelaur elkartearen lokalean. Ondoren, arratsaldeko seietara arte izango dute tartea lanak grabatu eta aurkezteko. Bi baldintza bete beharko dituzte bideoek: 3 minutuko iraupena izatea gehien jota, eta euskaraz grabatuak egotea edo euskarazko azpitituluak izatea. “Parte hartzaile bakoitzak bere grabaketa tresna propioak eraman beharko ditu, baina antolakuntzatik wifia eta jatekoa eskainiko ditugu”, jakinarazi dute Supelaurreko kideek. Elkarte horrek antolatu du egitasmoa, Orozkoko Udalarekin elkarlanean.

Ohiko lehiaketa
Rallyaz gain, filma laburren ohiko lehiaketa egingo dute. Supelaur.kt@gmail.com helbidera bidali beharko dira bideoak, azaroaren 30a baino lehen. Lanek 10 minutuko iraupena izan ahalko dute gehienez eta, rallyan bezala, euskaraz grabatuak egon beharko dira edo euskarazko azpitituluak izan beharko dituzte.

Sariak
Azaroaren 30ean bertan proiektatuko dira pelikula guztiak, 19:00etan Donibane Aretoan. 250 euroko hiru sari egongo dira: rallyko filma onenarena, lehiaketako pelikula onenarena eta publikoarena.

“Pizgarria”
Filma laburren lehiaketa antolatzen dute laugarren aldia izango da aurtengoa. “Lehen edizioa harrera oso ona izan zen, herrian eginiko hainbat pelikula aurkeztu baitziren”, oroitu dute Supelaur elkarteko kideek, baina aitortu dute hurrengo bi edizioetan “beherakada” egon dela. Horregatik erabaki dute ekimenari buelta bat eman eta rallya “pizgarri” moduan txertatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide