Artiacheko emakumeetako baten kaleratzea baliogabetu du epaileak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 5a, 15:13

Artiacheko langileak, urrian fabrikaren aurrean eginiko elkarretaratzean. / Aiaraldea.eus

Mobilizazioa egingo dute Laudion azaroaren 14an, 19:00etan Lamuza plazatik.

Artiachek kaleratutako sei emakumeetako bik epaiketa izan zuten urrian, eta argitaratu berri dituzte sententziak. Emakumeetako baten kaleratzea baliogabetzat jo du epaileak. Bigarren kasuan, aldiz, Aldi baterako lanerako enpresaren eta Adam Foods-en (Artiachen jabea den enpresa) alde egin du epaiak, langilea "pasibo laboralean" zegoela argudiatuta. Hain zuzen, enpresan 180 egun lanean daramaten aldi baterako beharginek osatzen dute "pasibo laborala". Egoera horretan, kontratu mugagabea duten pertsonei ordezkapenak egiteko baino ez diete deitzen.

Hori da sententziak jasotzen duena, LABek azaldu duenez. Gauzak hala, sindikatuak salatu du frogatua geratu dela zein den enpresaren funtzionatzeko modua: langileak denbora tarte batzuetan behar gabe mantentzea, legeak jarritako mugei izkin egin ahal izateko; eta, modu horretan, kontratu mugagabe bat eskaini behar ez izateko. Gauzak hala, epaiketa izan duten bi langileei sententzia berdina eman ez izana kritikatu du sindikatuak. "Argi geratu da enpresariak horrelako jarrerak hain modu maltzurrean hartzen baditu instituzioen partetik onarpen bat dagoelako dela".

Artiacheko kasua adibide bat baino ez dela gehitu dute oharrean, "langile asko daude baldintza prekario batzuetan bizitzera kondenatuak, aldi batekotasunaren eraginez".

Hori dela eta, "lelo propagandistikoak" albo batera utzi eta "neurri errealak" hartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, sei langileek berronartzea exijitu dute.

100 urteko borroka
Artiach enpresako emakumeek historikoki eginiko borroka jarri dute balioan sententziak baloratzeko eginiko prentsaurrekoan. Gogora ekarri dutenez, 1917. urtean egin zen lehen greba. "Artiachek ehunka emakume kaleratu ditu 100 urte hauetan eta gaur egun berdina egiten jarraitzen du inolako lotsarik gabe. Inork ez die kargu hartzen euren jarrera matxista, misogino eta baztertzailea bada ere".

Mobilizazioa azaroaren 14an
Mobilizazio eguna deitu dute Artiachetik kaleratutako langileek datorren azaroaren 14rako. Arratsaldeko seietan kotxe karabana abiatuko dute Orozkoko Gorbeia kaleko aparkalekutik. Laudiora joango dira, bertan egingo baitute manifestazioa, 19:00etan Lamuza plazatik hasita.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide