Iragan ostegunean mobilizazioa egin zen Laudion zuen egoera salatzeko. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
Azucena Gardeazabal: Positiboki baloratzen dugu. Jende askok babestu gaitu, oso pozik nago, zoriontsu, eta hori ez da ohikoa egun hauetan.
Ainhoa Marigorta: Herriak, orokorrean, babestu egin gaitu: senideak, lagunak, auzokideak... langile jendea. Artiacheko behargin askok ere babesten gaituzte, baina beldurra dute, ziurgabetasuna. Orokorrean berotasun handia sumatu dugula esango nuke.
Zuzendaritzak esku hartu du mobilizazioak ekiditeko?
Sonia Rivera: Nire belarrietara heldu da giza baliabideen arduradunak buelta bat eman duela fabrikatik, langileek zer egin behar zuten jakin zezaten. Oso modu sotilean egiten dute.
Azucena Gardeazabal: Sortzear dagoen Espainiako Gobernuak legeak aldatu behar ditu, langileen oso aurkakoak direlako, are gehiago emakume langileen kasuan. Lotsagarria da. Legeak enpresariak babesten ditu, eta kaleratzeak errazten. Aldatu beharra dago. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak ematen dizkie enpresei enplegua sortzeko. Oso ondo dago hori, baina zertarako ematen ari dira dirua? Artiachek bere langileak kaleratu ditzan? Horretarako ordaintzen ditugu gure zergak? Jarraipena egin behar zaio diru horri.
Hedabide eta sare sozialetan ezohiko oihartzuna izan du zuen kasuak.
S.R: Toki askotako jendeak helarazi digu elkartasuna. Malagatik, Kanariar uharteetatik... toki askotatik mugitu da albistea.
A.G: Baina badirudi Adam Foods enpresari (Artiachen fabrikaren jabea) ez zaiola iritsi. Belarriak estali dituzte agian.
A.M: Ez dakigu nola duten horren bihotz gogorra. Sei pertsona baino ez gara, eta behin behin-behinekotasun handia dago. Jende finkoa behar da. Langile onak gara, urte andana daramagu enpresan lanean.
Jarri da zuzendaritza zuekin harremanetan gatazka piztu zenetik?
A.M: Ez, inoiz. Gu beti egon gara prest, baina ez dute bildu nahi izan. Oso pozik gaude Amaiari behin betiko kontratua egin behar izan diotelako, epailearen aginduz. Hurrengo epaiketa nirea da, urtarrilaren 16an. Antzeko emaitza lortzea espero dugu.
Hori da merezi duguna: lan eta soldata duina, ez dugu besterik eskatzen. Bizitza erdia igaro dugu Artiachen.
Zuetako batzuk epaiketa izan duzue dagoeneko. Nola baloratzen dituzue jasotako epaiak?
S.R: Emaitza gazi-gozoa izan da, oso gazi-gozoa.
A.G: Epaiketa gauzatu baino hilabete batzuk lehenago lan ikuskaritzak txosten bat plazaratu zuen, behin behineko kontratuekin geunden zazpi emakumeei bai ala bai kontratu mugagabea egin behar zigutela esanez. Sei hilabete igaro dira ordutik. Ez dugu ulertzen zertarako balio duen lan-ikuskaritzaren jarduna, gero ez bada agintzen duena beteko.
A.L: Niri egin behar izan didate kontratu finkoa, epailearen aginduz. Baina ez didate lanik eman. Enpresak dio helegitea aurkeztu duela eta hura ebatzi arte etxean geratuko naizela, naiz eta nominan egon eta soldata jaso.
A.M: Euren harropuzkeriaren seinalea da hori.
A.L: Dena dela, nik zortea izan nuen, baina beste lankideak ez zuen zorterik izan. Ez da bidezkoa, guztiak geunden egoera berean. Baina epaileak ez zuen berdin ebatzi.
Gauzak nola dauden ikusita, zer aurreikuspen dituzue datozen hilabeteetarako?
A.G: Gure kasuan, hedabideetan agertzeak eta mobilizazioak egiteak ez du askorako balioko, kasuak epaitegietan daudelako dagoeneko.
Egiten eta esaten ari garen guztia ez dugu guregatik egiten, gure atzetik etorriko direnengatik baizik, guk pairatu duguna sufritu ez dezaten.
S.R: Bai, beldurra kendu eta salaketa jartzeko adorea izan dezaten.
A.L: Behin behineko kontratuekin nazkatuta amaitzen duzu. Ez duzu familia bizitzarik, telefono-deiaren zain zaudelako uneoro. Zure bikotekidearekin eztabaidatzen duzu lanagatik. Dena utzi behar duzu.
Horregatik, beste fabrika batzuetan dauden emakumeentzat ere eredugarria izan daiteke borroka hau. Borrokan jarraituko dugu, guregatik eta gure lankideengatik.