Amurrion, Urduñan eta Laudion ospatu da Aiaraldeko Euskararen Eguna azken hiru urteetan, hurrenez hurren. Aurten, aldiz, Orozkon egingo da. Abenduaren 1ean -igandea- izango da zita.
Herriaren hautaketa ez da nolanahikoa izan. “Orozko UEMAn -Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea- sartu da aurten. Erakunde horren parte izateko baldintza soziolinguistiko bat bete behar dute udalerriek: euskaldunen indizea %70etik gorakoa izatea. “Orozko da bertan sartzea lortu duen eskualdeko udalerri bakarra”, azaldu dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek, “horregatik erreferentea iruditu zaigu eskualdean, eta balioa eman nahi nahi izan diogu”.
Egun osoko egitaraua
Ahobizi eta belarripresten dinamikaren kolofoi gisa baliatu dira Aiaraldeko Euskararen Eguna azken bi urteetako edizioak. Aurten, aldiz, ez dago horrelako kanpaina indartsurik. Hala ere, egitarau oparoa prestatu dute abenduaren 1erako. Goizean haur, nerabe zein helduentzako jolasak izango dira nagusi. 13:30ean koreografia erakustaldia egongo da eta, jarraian, Arratiako bertso-eskolako kideen saioa. Ondoren egingo da eguneko ekitaldi nagusia, eta herri bazkaria atonduko da gero. Amaitzeko, kantaldia, erromeria eta zinema emanaldiak egongo dira arratsaldean, besteak beste.
“Eskualdeko euskaltzaleak biltzeko topaketa izango da, ahobizi eta belarriprest guztiak elkartu nahi ditugu data honetan euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko”.
EGITARAU OSOA
11:00 // Ongi etorri ekitaldia
11:15 // “Euskaraz jolastu nahi dugu”
Altxorraren bila (3-6 urte bitarteko haurrak) eta taldeen arteko ginkana (7-12 urte bitarteko haur eta nerabeak). Izena aurretik eman beharko da Labur.eus/orozkojolasak webgunean
12:30 // Haurrentzako tailerrak eta jolas-gunea
12:30 // Joko-poteoa gazte eta helduentzat
13:30 // Koreografia erakustaldia
10-16 urte bitartekoentzat
14:00 // Arratiako bertso-eskolako bertsolariak
14:30 // Ekitaldia
14:45 // Herri bazkaria
Txartelak Orozkoko Induman eta Itxina tabernan daude salgai. Ondorengo webgunean sartuta ere eskuratu daitezke: www.sarrerakaiaraldean.eus
15:30 // Haurrentzako tailerrak eta jolas-gunea
16:00 // Kantaldia
Eneritz eta Marina
16:30 // Zinema euskaraz haurrentzat
“Elkano, lehen mundu bira”
16:30 // Bingo musikatua
18:00 /Erromeria Beranduegi taldearekin
18:30 // Gaztainak eta txokolate-jana
19:00 // Zinema euskaraz helduentzat
“Soinujolearen semea”