Padel pista bat eraikitzea izango da Orozkoko udal-gobernuaren legealdiko helburu nagusienetako bat, legealdiko planean adierazi dutenez. Udal zorra erdira murrizteko asmoa ere badutela adierazi dute, baita udalak antolatutako ekintzetan “jasangarritasun irizpideak” sartzea ere.
Bestalde, “albiste, kexa, agenda eta oharretarako” aplikazio bat eta “gardentasun atari bat” sortzeko asmoa dutela ere adierazi dute, biztanleekiko gardentasuna areagotzeko. Auzoen kudeaketari dagokionez, baserriak zaharberritzeko eta auzoek haien proiektuak aurrera eraman ahal izateko diru-laguntzak eman, eta zubien eta bideen konponketekin jarraitu nahi dutela adierazi du udal gobernuak. “Joko espazioak” hobetzea, gazteen lonjei modulu alternatiboak eskaintzea eta auzo-etxe berria aktibatzea ere dute helburu.
Orozkoko sustapen turistikoa bultzatzea, “tokiko produktua sustatzea”, gazteak kontratatzeko laguntzak martxan jartzea eta Lanbidek eskaintzen dituen aldi baterako kontratuak luzatzea dira ekonomia arloan hobetu nahi dituzten gaiak. Kulturari eta euskarari dagokionez, antzerki eskola bat sortzen eta euskara eta kirolaren arteko erlazioa indartzen saiatuko dira. Biztanleei egindako kontsultak areagotzera, udalbatzetako “Auzoko Txanda” aktibatzera eta auzo asanbladak indartzera konprometitu dira ere.
Azkenik, berdintasunari eta integrazio sozialari dagokionez, pertsona nagusientzako tailerrak egiteko asmoa dute, baita genero-indarkeriaren kontrako atentzioa beste protokolo baten bidez aktibatzea eta berdintasun plan berria aurrera eramatea ere.