Garik joko du Orozkorock jaialdiaren bigarren edizioaren aurkezpenean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 13a, 11:05
Donibane aretoan eskainiko du Garik kontzertua. / Dena Flows

Donibane aretoan izango da zita, abenduaren 27an, 20:00etan. Oraindik ez dute jaialdia noiz egingo duten zehaztu, baina sei taldek joko dutela aurreratu dute.

Orozkorock ekimenak aurrera darrai. Datorren abenduaren 27an egingo dute jaialdiaren bigarren edizioaren aurkezpena, 20:00etan Donibane aretoan. Ordu erdi beranduago Garik joko du, toki berean. Emanaldia ikusteko sarrerek 8 euro balioko dute eta Itxina tabernan egongo dira salgai. Musika eskaintza ez da Hertzainak taldeko kide ohiaren emanaldiarekin amaituko, 22:30ean Lomoken Hoboken taldeak joko baitu Jentilzulo kulturgunean.

Egun horretako aurkezpen ekitaldian emango dute Orozkorocken bigarren edizioaren nondik norakoen berri. Iragan maiatzean antolatu zuten musika maratoia lehenbizikoz, eta balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek.

“500 pertsona baino gehiago bertaratu ziren, nahiz eta eguraldi oso txarra izan. Jendearen jarrera oso positiboa izan zen, nahiz eta karpatik kanpo sekulako euri zaparrada egon”, oroitu du Josu Amundarainek.

Orozkorock elkarteko kidearen hitzetan, “nahiko argi” izan zuten orduan jaialdiarekin aurrera jarraituko zutela. Ildo berari eusteko asmoa dute: rock&rolla. “Ez ditugu gainontzeko musika estiloak mespretxatzen, baina gure jarrera nahiko rock&rolleroa da eta horretan jarraituko dugu”.

Hala ere, hainbat aldaketa aurreikusi dituzte datorren urteko edizioari begira. “Sei taldek joko dute, lehen jaialdian baino gutxiago”, aurreratu du Amundarainek. Ez du taldeei buruzko informazio gehiago eman, baina maila “apur bat” igoko dela jakinarazi du: “talderen bat oso potentea izango dela uste dugu”.

Auzolanean
Jaialdia karparen gunera ez mugatzea da antolatzaileek duten beste erronketako bat. “Herriko plazan ekintzaren bat antolatzen saiatuko gara”.

Amaitzeko, auzolanak jaialdiaren antolakuntzan duen garrantzia nabarmendu du Amundarainek. “Lehen edizioan 100 herritar inguru egon ziren laguntzen, eurek gabe ezinezkoa izango litzateke ekimena aurrera ateratzea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide