Hurrengo taldeak arituko dira 2020ko maiatzaren 23an egingo den Orozkorock jaialdiaren edizio berrian: Toundra, Niña Coyote eta Chico Tornado, The Lizards, The Riff Truckers, Eraso eta Kurkuma.
Horrela jakinarazi zuten antolatzaileek ostiralean egindako aurkezpenean. Ekitaldi motza izan zen. Iazko "aftermovie" bideoa proiektatu zuten ekimenean herritar ugarik lagundu zutela islatzeko eta gero azaldu zuten nola sortu zen egitasmoa.
Horren ondoren, joko duten taldeen zerrenda zabaldu zuten eta Gari musikaria igo zen oholtzara jarraian. Donibane Aretoa gainezka egon zen eta Jentilzulon eskaini zuten kontzertuan ere jende pilo eta giro ona egon zen, Josu Amundarain Orozko Rockeko kideak azaldu duenez.
Antolatzaileek 150 sarrera jarriko dituzte salgai astelehentik aurrera Itxina tabernan eta Jentilzulon.