Ione Basterra txirrindulari gaztea hil da

Aitor Aspuru Saez 2019ko abe. 28a, 22:04

Ibilbide oparoa egin du Ione Basterra Olaguenagak txirrindulari bezala.

Ione Basterra handbike diziplinan aritzen zen kirolari orozkoarra zendu da. Txirrindularitzan ibilbide oparoa egin du. 

Ione Basterra Olaguenaga txirrindularia zendu da gaur. 1994an jaioa, ibilbide luzea egin zuen handbike -txirrindularitza egokitua- diziplinan. Irakaskuntzan lan egiten zuen Laudion, La Milagrosa ikastetxean.

Ibilbide oparoa
Europako zirkuituetan bi domina eskuratu zituen 2013an. 2016an Europako txapelduna izan zen Sub-23 kategorian, Italian. 2016an, berriz, Espainiako Txapelketan bigarren geratu zen, eta 2017an 3. sailkatu zen Rosenauko lasterketan, frantziar estatuan. 2018an Munduko Kopan lehiatu zen.

Basterra Saiatu Fundazioko taldekidea izan da, eta ohar baten bidez jakinarazi dute sare sozialetan bere heriotza. Fundazioak atsekabea eta ezustea adierazi du, eta doluminak eta babesa eskaini dizkio bere familiari. Hileta astelehenean izango da Orozkoko elizan 18:00etan.

Aiaraldea hedabideak ere helarazi die samina senide eta lagunei. Izan ere, harreman handia izan du urte hauetan Basterrak komunikabidearekin; duela bi aste Aiaraldeko Kirol Urtekariaren aurkezpenean solasaldia eskaini zuen. Izar Mendiguren hedabideko zuzendariak erantsi duenez, borrokalari handia izan da Basterra Olaguenaga: “Komunikabidearekin beti egon da prest bere esperientzia eta gogoetak partekatzeko. Aniztasun funtzionala eta emakumea izatea kirolean bi aldiz gutxietsia zegoela zioen. Kirolaren alorrean erreferente handia galdu du Aiaraldeak, txirrindularitza egokitua askorentzat ezezaguna bazen ere. Askok ez dugu bere ekarpen eta prestutasuna ahaztuko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide