Ione Basterra Olaguenaga, erreferente handi

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abe. 29a, 17:01
Txirrindularitza egokituan aritzen zen Ione Basterra Olaguenaga. / Aiaraldea.eus

Atzo zendu zen kirolari gaztea. Handbikean -txirrindularitza egokituan- lorpen ugari eskuratu zituen, baina aniztasun funtzionalaren normaltasuna helmuga bilakatzea izan du garaipen handiena.

25 urterekin hil zen atzo Ione Basterra Olaguenaga txirrindulari orozkoarra. Kirolari gisa ibilbide oparoa osatu du, baina askoz ekarpen handiagoak egin ditu lehiatik harago. Abenduaren 3an, esaterako, normalizatu beharreko bi eremu izan zituen hizpide bere sare sozialetan: "Abenduaren 3a, euskararen eta aniztasun funtzionalaren eguna. Biak ospatu ditut, bata eskolan, bestea arratsaldeko entrenamenduan. Ospatu baino, bien garrantzia aldarrikatzeko eguna da. Biak aldarrikatu beharko ez diren egunaren zain, egun horretan gure gizartea aberatsagoa bihurtuko baita. Bitartean, jarrai dezagun zaintzen maite dugun hori". 

Aiaraldea Hedabidearekin hartu-eman handia izan du kirolariak. Bere proben jarraipena ez ezik, "Aniztasun funtzionala kirolean, ezintasuna garaituz" erreportajean hartu zuen parte ere, abenduan plazaratutako Aiaraldeko Kirol Urtekarian, besteak beste.

7 urterekin hasi zen txirrindularitza egokituan orozkoarra, arantza bifidoa diagnostikatu zioten, eta geroztik Saiatu Fundazioan aritu da. "Kirolak erakutsi didan gauzarik inportanteena da oztopoak oztopo saiatzen jarraitzearen garrantzia, bestela bidea gogorragoa delako", zioen.

Kirolean dauden generoen arteko desberdintasunak ere izan zituen hizpide. Lau maila bereizten zituen: "Batetik kirol famatuak eta telebistan gehien ikusten direnak daude, mutilek praktikatzen dituztenak. Ondoren, mutilek egiten dituzten kirol ez hain famatuak; hirugarrenik nesken kirolak eta, azkenik, kirol egokitua".

Jarduera fisikoa bizitzeko moduaz, berriz, ikuspuntua aldatzea ezinbestekoa zela azpimarratu zuen: "Edozein lasterketa garrantzitsu galtzera, eta kirolaz gehiago disfrutatzera ohitu beharko ginateke. Kirola ondo pasatzen duzun denbora gisa ikusi beharko genuke, eta ekintza bukatuta gertatutakoa ahaztu, eta hobetzen saiatu. Bide horretan laguntza eskaintzea eskatuko nioke jendeari; nahiz eta batzuetan pertsonaren helburua hain argi ez ikusi". 

Aiaraldea komunikabideak doluminak helarazi nahi izan dizkie familia eta lagunei: "Eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen bere esperientzia eta gogoetak partekatzeko edukitako prestutasunagatik. Eskerrik asko kirol egokitua normalizatzeko egindako guztiagatik”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide