Mikel Urdangarin eta Oier Aranzabal, sormen artistikoaren "Margolari"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urt. 11a, 15:11

Kultur barikuak dinamikari hasiera eman zioten atzo Orozkoko Donibane Aretoan. Mikel Urdangarin protagonista, Margolari filma aurkeztu zuten.

Bi urte eta erdiko prozesuaren emaitza aurkeztu zuten atzo Orozkoko Donibane aretoan. Oier Aranzabal zinemagilearekin batera etorri zen Mikel Urdangarin abeslaria, Margolaria ikus-entzunezkoa aurkeztera. Proiekzioaren ostean solasaldia eskaini zuten. Ekimenaren nondik norakoak kontatu zituzten, baita filma nola grabatu zuten ere.

"Hasieran ez genuen gidoirik, material guztia biltzean erabaki genuen nahita, naturaltasuna bilatu nahi genuen". Sormen uneekin 20 grabaketa saio inguru gauzatu dituzte horretarako. "Filmaren protagonista ez da Mikel Urdangarin edo margolaria, prozesu artistikoa bera baizik". Hargatik, Mikel Urdangarinen musikariei, edota margolariei egin dizkiete elkarrizketak. Horrez gain, Mikel Urdaingarinen amak ere hartu du parte, margolaria izan baitzen.

Musikak ere izan zuen tartea: Mikel Urdangarinek hiru abesti eskaini zizkien ikus-entzuleei. 20 urteko ibilbidea du atzetik musikariak, eta bere artista bizitzari jarri zizkion hitzak, besteak beste. Hala, hasierako beldurrak aitortu zituen, "lana utzi eta musikara dedikatzea erabaki nuenean duela 20 urte, familiaren laguntza izan arren, beldurra zuten beti". Haren ama ere izan zuen gogoan abeslariak, margolaria zen, eta "filma estreinatu baino hilabete lehenago zendu zen".

Kultura baloratzeko beharra
Sormen proiektuaren oztopo nagusiena finantzaketa izan dute. Urte eta erdi igaro dute inolako laguntza ekonomikorik gabe, ekoiztetxea sartu arte. Gerora, "egile eskubideengatik 9€ eman dizkigute". Sektorearen prekarietatea salatu zuten, modu horretan. Euskal kultura eta artisten egoera ere azpimarratu zuen musikari zornotzarrak, "euskal artistak zorrotzago kritikatzen gaituzte kanpokoak baino". Adibide gisa, jendea artista batzuk ikusteko 80-100€ ordaintzeko gai dela azaldu zuen, "baina 20€ balio duten hemengo artisten emanaldietan askoz kritika zorrotzagoak egiten dira". Zentzu horretan, bertako kultura gehiago baloratu beharko litzatekeela argudiatu zuen.

Aurrera begirako proiektuak ere izan zituzten hizpide gonbidatuek. Zamorako apaizen kartzelari buruzko dokumentalaren egitasmoa aurreratu zuen, esaterako, Aranzabalek. 

Argazkiak: Julen Solaun 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide