Atxulaurren mende laurdeneko ibilbidea, liburu batean

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 1a, 07:00

Ekitaldi berezia egon zen ostiralean Orozkoko Museoan. Atxulaurren ibilbideari buruzko liburua aurkeztu zuten bertan, kirol elkartearen 25. urteurrenaren testuinguruan. 

“Iaz sanantolinetako txupinero izateko hautatu gintuzten. Orduan, txupinero izateaz gain beste zeozer ere egin beharko genukeela bururatu zitzaigun, eta horrela sortu zen liburuaren ideia”, azaldu zuen Roberto Santa Cruz Olivarrek ekitaldian.

Klubaren ibilbidea laburbildu zuen presidenteak: “25 urte hauetan bost lehendakari eta jokalari asko egon dira. Horrez gain, 25 urte hauetan guraso eta laguntzaile andana igaro dira klubetik, modu boluntarioan lagundu dutenak”. Horregatik, horiei guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien Santa Cruzek.

Klubeko kidea den Izaskun Gaztelu Miñaurrek, bere aldetik, Atxulaurrena “liburu berezia” dela nabarmendu zuen, “sentimendu askorekin” eginikoa. “Oso berezia izan da guretzat aurkezpen hau egin ahal izatea. Klub bezala bizi izan ditugu une txarrak, baina une gehienak oso onak izan dira. Oso hunkituta gaude”.

Argazkiek protagonismo handia dute argitalpenean. “8 hilabetez egon gara argazkiak eskatzen. Gustatuko litzaiguke gehiago egotea, baina daudenak daude”, azaldu zuen Santa Cruzek. Berak idatzi du hitzaurrea, baina aurreko presidenteen zenbait hitz ere jasotzen ditu liburuak.

Pedro Mari Intxaurragak ere hartu zuen hitza aurkezpenean. Atxulaurren historia 25 urte baino gehiagokoa dela azaldu zuen alkateak. “Duela 45 urte ekin genion Ibarrako gazteok futbolean jokatzeari, pilota bat eta plaza baino ez izanda. Hor hasi zen Atxulaurren historia”.

Salgai
Aurkezpenaren ostean liburua erosteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Hala ere, klubeko kideek azaldu zuten herriko bi tokitan jarriko dutela salgai: museoan bertan eta Espela Barri tabernan, 15 euroko prezioan.

Etorkizunera begira, Atxulaurreko kideek argi dute klubak beste 25 urte beteko dituela, gutxienez. “Espero dugu taldeak 50 urte betetzen dituenean beste liburu bat ateratzea”, adierazi zuen Santa Cruzek, “75. urteurrenean, ordea, ni ez naiz egongo, baina norbaitek osatuko du liburua, mundu honetan jarraitzen badugu behintzat”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide