“Honaino helduta ez gara kikilduko: Finala saria da guretzat, eta gozatu nahi dugu”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mar. 19a, 09:49
Gentzane Alday Callonge orozkoarra Laboral Kutxa Emakume Master Cup finalera heldu da. / G.A

GENTZANE ALDAY CALONGE (Orozko, 1994) Olatz Arrizabalaga Munduaterekin sailkatu da Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako helmugara. Martxoaren 29rako iragarrita zegoen finala, baina Koronabirusa dela-eta atzeratu egingo dute, data zehazteke egon arren. 

Finalera iritsi zara. Egindako bidearekin pozik?

Bai. 12 bikotek hasi genuen txapelketa pilota mistoan. Final zortzirenetan abiatu genuen bidea, eta lehen fasea pasata pozik geunden jada. Final laurdenetan Miriam Arrillaga (banaka lau t’erdiko txapelketako iazko irabazlea pilota mistoan) eta Ainhoa Romero izan genituen aurkari. Sekulako sorpresa izan zen irabazi eta finalaurrekoetan sartzea. Eta, finalerako txartela, zer esanik ez. 

Pilota mistoan lehenbizikoz ari zara lehiatzen. Erabaki ausarta izan da.

Hilabete lehenago erabaki genuen pilota mistora aldatzea. Abentura gisa hartu genuen erronka, presio gabe eta eroso. Finalera konfidantza aldetik topera helduko gara Olatz eta ni, ez dugu ezer galtzeko. 2019. urtea oso latza izan zen niretzat pertsonalki, eta Olatzentzat ere ez da momentu onena izan. Beraz, orain topera gaude.

Zein ezaugarri ditu pilota mistoak?

Pilotak berak behartu egiten zaitu fisikoki azkarragoa izatera: frontisetik arinago ateratzen da, lurretik ere… Beraz, denbora gutxiago duzu mugimenduak aurreikusteko. Eskuak ez ezik, fisikoki ere egokitu behar izan gara pilotara. Materiala gogorragoa da, eta gehiago entrenatu behar da. Taktikan ere eragin digu horrek: ni atzelari moduan ez naiz oso jotzailea, eta orain aurrelaria saihestea izango da helburua. Olatzek aldiz, sekulako indarra du eta erritmo aldaketa igartzen da bera jokoan sartzen den bakoitzean. 

Olatz Arrizabalaga Munduate izan duzu frontoiko bikote. Nola moldatu zarete?

Bikoteak beti dira berriak txapelketetan, baina guk batera entrenatu izan dugu, eta Bizkaia torneoa elkarrekin jokatu genuen. Asko jolastu izan dugu biok, baina iaz partida ia denak galdu genituen. Hala ere, oso eroso eta gustura jolasten dugu.

2019a inflexio puntua izan zen guretzat, bikote faboritoa ginen Bizkaia torneoan, eta maila txarra eman genuen. Horregatik, kirol bizitzan aldaketa beharra ikusi genuen biok, urte txarra atzean uzteko… “Orain edo inoiz”. 

Finalaren presioa nabari al duzu?

Ez. ETBk pilota mistoaren finalerdia emititu zuen goxuaren ordez, baina finalean bi kategorietako partidak zabalduko dituzte. Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendi izango ditugu guk aurkari. Bikote oso gogorra izango dugu aurrean: Olatz Ruiz de Larramendik min emango dit atzean, eta Miren Larrartek oso ausart jokatzen du aurrean. Hala ere, nire bikoteari ez dio tantoa hain erraz egingo. Honaino iritsita ez gara kikilduko. Finala saria da guretzat, eta gozatu egin nahi dugu.

Txapelketa berria izan al da aurtengoa?

Bai, pilota mistoan binakakoan bai. 2016an hasi zen txapelketa, aurtengoa emakumeen lehiaketaren laugarren edizioa da, baina pilota honekin bikoteka egiten den aurrenekoa. 

Orain arte, goxua pilotarekin soilik joka zitekeen. Gazteei mesede egingo die horrek: mutilekin pilota mistoan jolasten dute txikitan, eta goxuan aritzea atzerapausoa zen eurentzat. Pilota mistoarena egin beharreko aurrerapausoa zen. Txapelketako adin tartean igarri da hori: gu izan gara beteranoak, 18 urtekoa da bataz bestekoa. Jende gaztea fuerte dator: Laia Salsamendi uhartearra, adibidez.  Goi mailan jarraitzeko pilota mistoa izango da etorkizuna nire ustez; eta izen handiko jendeak pilota aldaketa baloratu beharko du. Kontua ez da dabiltzatenek 70 urte arte jarraitzea eta sekulako maila lortzea, pilotari gazte berriei frontoi eta plaza aukerak zabaltzea baizik. 

Finala pasata, zein asmo dituzu?

Jokatzen jarraitzea. Finalera helduta, pilota jaialdietarako aukerak handitzen dira. Txapelketak antolatzen dituzten herrietan finalerdietako bikoteak eskatzen dituzte, eta dagoeneko baditugu udarako partida batzuk. Nik ez dut nahi jarri muga ez erronkarik, datorrena datorrela, ongietorria izango da. Irabazten badugu ederto, eta bestela borrokan jarraituko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide